Ez da bidaia mugarik egongo Markina-Xemeingo auzo taxi zerbitzuan
Hitzarmena berritu dute Markina-Xemeingo Udalak eta udal-lizentzia duten taxistek. 12 eta 18 urte bitartekoek ere zerbitzua erabili ahal izango dute, baimenagaz.
Auzoetako biztanleriaren mugikortasuna hobetu eta bermatzeko asmoz auzo taxi zerbitzua arautzen duen hitzarmena berritu dute Markina-Xemeingo Udalak eta udal-lizentzia duten taxistek.
Hitzarmena sinatzeagaz batera, hainbat berritasun ere zehaztu dituzte. Azaldu dutenez, aurrerantzean ez da bidaia mugarik egongo. Bestalde, 12 eta 18 urte bitarteko gazteek ere zerbitzua erabili ahal izango dute, guraso edo tutorearen baimenagaz.
Berritasunez gain, orain arteko funtzionamenduagaz aurrera jarraituko dute. 12 urte artekoek adin nagusiko batek edo baimena duen 18 urtetik beherako familiako kide batek lagunduta erabili ahalko du. Horrez gain, Markina-Xemeingo auzoren batean erroldatutako adin nagusiko pertsonek edota erabiltzaile baten zaintzaileek ere zerbitzua erabiltzeko aukera daukate, titularrak zerbitzua erabiltzen ez badu.
Udalak gaineratu duenez, herrigunean bizi diren eta aldi baterako mugikortasun arazoren bat duten adin nagusiko herritarrek ere zerbitzua erabili dezakete.
Ordutegia. Domeketan, jaiegunetan eta abuztuan izan ezik, gainontzeko egun guztietan emango dute zerbitzua, bidaiako 3 euroren truke: astelehenetik barikura 08:00etatik 20:00etara eta zapatuetan 09:00etatik 14:00etara. Zerbitzua eskatzeko 688 713 923 telefonoa deitu beharko da, bidaiaren egunaren bezperako 21:00ak baino lehen.
Txartelak. Auzo taxi zerbitzua erabili ahal izateko txartela eskatu beharko da udaletxeko Berton bulegoan: “Prest dagoenean, bertan jaso beharko da. Txartelaren kopia ere eskatu daiteke”. 18 urtetik beherakoen kasuan, berriz, gurasoak edo legezko tutoreak bidaiatzeko baimena eta zerbitzua erabiltzeko eranskina bete beharko ditu.