Markina-Xemeingo 2024ko aurrekontua iazkoa baino %4,2 handiagoa izango da
Udal ordezkariek adierazi dute hurrengo urteari begira aurrekontuen inguruko parte hartze prozesu zabalagoak martxan jarri nahi dituztela.
EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin, Markina-Xemeingo Udalak 6.330.059,51 euroko aurrekontua onartu du; iazkoa baino %4,2 handiagoa da aurtengoa (6.075.140,86 eurokoa izan zen iazkoa).
Lau irizpide eduki dituzte kontuan aurrekontua osatzerako orduan. Alde batetik elkarlanean eraikitako aurrekontuak izan dira: “Herritarrekin osatuak eta herrigintzan eragiteko helburuagaz”. Herrigunean ez ezik, landa eremuan ere fokua jarri nahi izan dute, auzoetako beharrei erantzun ahal izateko.
Iratxe Lasa alkateak azaldu duenez, aurten aurkeztu dituzten proiektuetako asko aurreko agintalditik lotuta egon dira, baina hala ere herritarrengana hurbiltzeko saiakera egin dute: “Proiektu asko auzo batzarretan eta hauteskunde sasoian eragileekin egindako bileretan bideratu ahal izan ditugun arren, beste asko lotuta zeuden aurretik. Hurrengo urteari begira, aurrekontuen inguruko parte hartze prozesu zabalagoak martxan jarri nahiko genituzke”.
Horrez gain, krisi testuingurua ere kontuan hartu dute aurrekontua osatzerako orduan, eta hauteskundeetan azaldutako konpromisoei erantzuna eman nahi izan diete. Azken irizpideagaz, berriz, berdintasuna helburu eduki dutela adierazi dute: “Aurrekontu berdintzailea izan nahi du, edozein inbertsio edo erabakiren atzean, genero eta berdintasun ondorioak neurtuta”.
Irizpide guzti horiek kontuan hartuta, zirkulazioaren eta aparkalekuen antolaketarako 7.427,48 euroko diru saila jarri dute, eta alde zaharreko proiektuaren bigarren zatirako, berriz, 30.000 euro. Auzo bideetan konponketak egiteko baliatuko dute diru sail handiena, 66.683,12 euro, hain zuzen ere. Horrez gain, brigadarentzako makinak berritzeko 4.974,64 euroko inbertsioa egingo dute.
12.000 euro erabiliko dituzte argiteria publikoa berrizten jarraitzeko: “LED sistema jartzen amaitzeko”. Herri altzariak berriztu eta konpondu ere egingo dituzte, bizikletak, bankuak eta mahaiak, esaterako. Horretarako, 5.000 euroko diru saila erabiliko dute.
Bekobentan, Uhagonen eta udaletxean bizitza lineak instalatuko dituzte, eta lan horiek aurrera eramateko 7.260 euro erabiliko dituzte, eraikin bakoitzean. Uhagoneko soinu ekipoa berritzeko, berriz, 13.007,89 euro erabiliko dituzte, eta kanpoan harrizko mahaiak jartzeko, 4.806,73 euro.
Gazteriaren eta aisialdiaren atala sortu eta diruz hornituko dute.
Euskara saileko inbertsioetarako 6.282,62 euroko diru saila edukiko dute eta AEK-ko pisuko leihoak berritzeko erabiliko dute. Kiroldegian ere berrikuntzak egingo dituzte: sauna berritzeko 3.204 euro baliatuko dituzte. Bestalde, udaletxean ere hainbat sistema instalatuko dituzte: alkatetza gelan bilerak sarean egiteko sistema (500 euro), aerotermia sistema (16.878,76 euro) eta informatika ekipamenduak (3.500 euro).
Berrikuntzak. Inbertsioekin batera, hainbat berrikuntza gehitu dituzte aurtengo aurrekontuetan. Oinarrizko zerbitzu publikoak hobetzeko asmoz, esaterako, udaltzain agente bat gehiago kontratatu dute, domeketan ere zerbitzua eman ahal izateko. Horrez gain, alde zaharra birgaitzeko proiektua egin eta datozen urteetarako plangintza osatu, auto elektrikoen entxufeak egokitu eta ugaritu, katu kolonien kontrolerako neurriak hartu eta Urbasako proiekturako lursail publikoak erosteko plangintza ere egingo dute.
Lehentasunezko ondasun publikoetan ere arreta jarriko dute, EPAko ikasleentzako garraio laguntzak jarriz, Uhagoneko hitzarmena zuzenduz, blindatuz eta indartuz eta auzoetako jaiak indartuz, esaterako. Babes eta sustapen sozialeko jarduerak ere balorean jarriko dituzte eta herri lagunkoiago eta berdintsuago bat izateko bideagaz jarraituko dute. Horrez gain, gazteriaren eta aisialdiaren atala sortu eta diruz hornituko dute.
Igoz eta Larruzeko ur hornidura lanetarako eta Urbasako proiekturako lurrak erosteko 118.777,70 euro erabiliko dituzte.
Bestalde, jarduera ekonomikoen atalean auzo taxi zerbitzua indartu, Hemen Be Bai merkatari elkarteari lagundu, turismoa ordenatu, Gababusa indartu eta auzo bideak zaintzeko konpromisoa ere hartu dute udal ordezkariek.
Aurrera begira. Aurrekontua aurkezteagaz batera, soberakina erabilgarri dagoenean egingo dituzten lanak ere azaldu dituzte, soberakinaren behin-betiko kopurua 2023ko likidazioa egin ostean jasoko duten arren. Alkateak adierazi du proiektu horiek martxoan sartu ahalko dituztela aurrekontuan, “2023ko likidazioa egin eta kreditu aldaketak egin ostean”.
Beraz, soberakina erabilgarri dagoenean, alde batetik herriguneko Azpikoerrotako birgaitzearen aurrelanetarako eta Zabala plaza proiekturako 140.487,62 euroko diru saila erabiltzea aurreikusten dute. Bestalde, Bekobentako espazioen optimizaziorako, 100.000 euro erabiliko dituzte. San Migel ermitan 400.000 euroko inbertsioa egiteko asmoa dute, “turismoa sustatzeko helburuaz hobekuntzak eta baliabideak” jartzeko. Azkenik, Igoz eta Larruzeko ur hornidura lanetarako eta Urbasako proiekturako lurrak erosteko 118.777,70 euro erabiliko dituzte.