Arku Gain Coworking gunearen esleipen prozesua martxan dago
Eskaerak Mutrikuko Udal erregistro orokorrera bideratu behar dira eta otsailaren 16a izango da azkenengo eguna.
Mutrikuko Arku Gain Coworking gunearen esleipena martxan dago eta interesa dutenek eskaera bidaltzeko aukera dute; otsailaren 16a izango da izena emateko azkenengo eguna.
Herriko ekintzaileei bultzada emateko udalak zabaldu duen gunea Mutrikuko portuan dagoen Arku Gain eraikuntzaren bigarren solairuan dago kokatuta. Gunea administrazio lanketa garatzera bideratuta dago: administrazio komertzial, informatika, diseinua edo antzekoak. “Leku hori ezin izango da erabili, adibidez, fabrikazioa, muntaia edo biltegiratzeko espazio bezala, ezta salmenta zuzeneko denda bat bezala ere”.
Coworking gunearen mantenu orokorrari lotutako zerbitzuak udalak eskainiko ditu eta erabiltzaileek 65 euro ordaindu beharko dituzte hilabetero, baina “lehenengo hilabeteetan doakoa izango da”. Eskaerak Mutrikuko Udal erregistro orokorrera bideratu behar dira, beharrezko dokumentazioarekin batera.
Eskaerarekin batera gehitu beharreko dokumentuak, esleipena egiteko kontuan izango diren irizpideak eta beharrezko informazio osagarria Mutrikuko Udalaren webgunean dago eskuragarri. Horrez gain, zalantzak argitzeko bi bide zehaztu dituzte: Turismo Bulegora joatea edo garapena@mutriku.eus posta elektronikora idaztea.