Madalena opilaren ikastaroa eskainiko du Etxebarriko ETX kultur elkarteak
Lorea Lejardi herritarrak emango du ikastaroa, urtarrilaren 27an. Toki mugatuak daude; izena emateko azken eguna urtarrilaren 24a da.
Etxebarriko ETX kultur elkarteak aurtengoan ere lagun edo familiartean sukaldean aritzeko ikastaroa antolatu du. Iaz San Blas opilen ikastaroa egin zuten, eta horren aurretik baita roskilena ere; aurtengoan, madalena opilaren ikastaroa izango da.
Urtarrilaren 27an jarri dute hitzordua. Iazko antzera, Lore Lejardi herritarrak emango du ikastaroa. Antolatzaileek azaldu dute neguan ere ekintzak antolatzea garrantzitsua dela eurentzat, eta horregatik antolatzen dutela urtero antzeko zerbait: “Negu giro honetan, eguraldi txarra egiten du eta kanpoan egiteko aisialdi ekintzak antolatzea nahikoa zaila izaten da. Horregatik antolatzen ditugu horrelakoak: herritarrek eduki dezaten, alde batetik, errezeta berri bat ikasteko aukera, eta bestalde, kalera irten eta aisialdi ekintzaren bat egiteko aukera. Gurea moduko herrietan hori oso garrantzitsua dela uste dugu”.
Izena emateko etxkulturelkartea@gmail.com helbidera idatzi beharko da, urtarrilaren 24a baino lehen. Orain arte adin eta toki mugarik jarri ez duten arren, aurtengoan beharrezkoa ikusi dute: “Jende gehiegi etortzen bada kaos bat izan daiteke, eta ez da tailerra ondo aprobetxatuko. Horregatik pentsatu dugu adina 14 urtera mugatzea eta toki mugatuak jartzea, etortzen direnek tailerra gehiago aprobetxatu dezaten”.
Aurrera begirakoak. San Silbestregaz amaitu zuten 2023a ETX kultur elkartekoek, eta madalena ikastaroagaz ekingo diote. Horrez gain, antolatzaileek adierazi dute urte hasiera “indartsu” datorrela. Informazio guztia aurrerago zabalduko duten arren, otsailean eta martxoan, besteak beste, nagusientzako euskal dantzen ikastaroa, monologo bat eta Palestinan gertatzen ari denari buruzko hitzaldia antolatuko dituzte.