Goi-goitik ospatuta, Barinagako San Anton jaiak
Gaur [urtarrilak 20] gauean, bertso afarian egongo dira Nerea Ibarzabal Salegi bertsolari markina-xemeindarra eta Andoni Egaña Makazaga bertsolari zarauztarra.
Joan den domekan [urtarrilak 14] abiatu zituzten Markina-Xemeingo Barinaga auzoan San Anton jaiak eta gaur [urtarrilak 20] amaituko dituzte. Egitarau oparoa izan dute auzotarrek era guztietako ekintzekin osatua.Â
Barinagako Jai Batzordearen ekimenez antolatutako auzo jaiek atzo eman zioten jaiei “hasiera ofiziala” ohiko txupinazoagaz eta gaur arratsaldean ekimenak nonahi izan dituzte. Denentzako eskaintza izan dute auzotarrek: 17:00etan bi hitzordu izan dituztelarik. Batetik, Oier magoaren ikuskizunagaz gozatzeko aukera izan dute eta jendeak ez du hutsik egin; eliza jendez beterik egon baita artistaren lanagaz gozatzeko. Haur zein nagusi arratsalde hotzari aurre egiteko hitzordu ezin hobea topatu dute.Â
Bestalde, MX3T taldeak antolatzen duen hiru txirlo txapelketak hartu du bola lekuak, 50 parte hartzailek izena eman dute, baina beste asko izan dira bola jokoa probatzera animatu direnak. III Neguko Bolak Hiru Txirlo txapelketako finala ere izan zen, hain zuzen ere, laugarren jardunadia izan zelarik. Aranzabal ailagatu zen sailkapeneko buru laugarren jardunaldira, baina Arizmendiarrieta eta Rodrigezek aurrea hartu zioten azkenengo jardunaldian. Horrela geratu dira sailkapen orokorreko lehenengo postuak:
- Iker Arizmendiarrieta: 17 txirlogaz.
- Olaitz Rodrigez: 16 txirlogaz.
- Sebas Aranzabal: 16 txirlogaz.
Pozik agertu dira antolatzaileak txapelketak izandako harreragaz, hain zuzen ere, txapelketa ofizialek azarotik martxora bitartean izaten duten etenaldia aprobetxatu zuten txapelketa antolatzeko eta tiralari asko hurbiltzen zaiela aitortu dute: “Jende asko ibili da eta asko poztu gaitu. Gainera, aipatzekoa da emakumeen parte hartzea geroz eta handiagoa dela, sailkapenak ikusi besterik ez dago, gurean bigarren postuan daukagu Rodrigez eta duela hiru urte Euskal Herriko txapela ere San Migelgo emakume batek bereganatu zuen”. Txapelketaren ostean, omenaldia eskaini zioten Txomin Urkidiri, urte luzez aritutako bolariari.
Jai Batzordeak zozketen zenbaki irabazleen berri eman du:
- Lehen saria: 626 (1023 ordezkoa)
- Bigarren saria: 2230 (1310 ordezkoa)
- Hirugarren saria: 2003 (1735 ordezkoa)
Auzoko VIII. pala txapelketako finala jokatu zuten barikuan [urtarrilak 19]. Jonpa Aldaoleak jantzi zuen txapela finalean Gaizka Ansolari bi setetan irabazita, 18-6 eta 18-8. Hirugarren eta laugarren posturako partidan Julen Olabarriak gehiago egin behar izan zuen lan Joseba Plazari 2-1 irabazteko.
Hitzordu berezia. Gauean, urteroko jaietako galdu ezineko hitzorduari ekiteko gogotsu daude Barinagan: bertso afaria. Ohi legez, Nerea Ibarzabal Salegi bertsolari markina-xemeindarrak eta Andoni Egaña Makazaga bertsolari zarauztarrak ipiniko diote doinua afariari. Ostean, dantzarako aukera ere egongo da Laja II eta Lutxurdixo trikitilariekin. Goizaldera arte eusten dutenek, gainera, berakatz zopa edukiko dute zapatuko jaia amaitzeko.