Badator Markina-Xemeingo Gazte Asanbladaren bertso saioa
Zapatuan [urtarrilak 27] 22:00etan jarri dute hitzordua, Akerbeltz Gaztetxean. Sarrerak salgai daude barikura arte Opelan eta Buztarrin.
Inauterien atarian ez du hutsik egiten Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak antolatzen duen bertso saioak. Akerbeltz Gaztetxeari bizitasuna emateaz gain, bertso mundua eta euskal kultura sustatzeko asmoz elkartzen dira Gazte Asanbladako eta bertso eskolako kideak, eta aurtengoan ere hala izan da; zapatuan [urtarrilak 27] 22:00etan egingo duten bertso saioa.
Urtero gai desberdin bat aukeratu, eta gai horren inguruan abesten jartzen dituzte bertsolariak. Iaz, esaterako, Euskal Herria independentea dela eta, Eurovision lehiaketara abeslari bat bidaltzea izan zen gaia. Aurtengoan “xumera joateko” asmoz, Master Chef Celebrity telebista saioaren gaztetxeko bertsioa egingo dute, GazteTxef Celebrity izenagaz: “Jon Maia, Maialen Chorraut, Julian Iantzi, Arantxa Tapia, Alex Txikon eta Josune Arakistain edukiko ditugu gurekin”.
Antolatzaileek adierazi dutenez gustuko ekintza izaten da: “Normalean 100 sarrera inguru ateratzen ditugu, eta guztiak ez badira saltzen, ia guztiak bai. Gaztetxea goraino betetzen da, eta ostean DJ bat jartzen dugu urtero. Arrakasta edukitzen du bertso saioak”. Aurtengo saiorako sarrerak salgai daude barikura arte Opelan eta Buztarrin, 5 euroren truke.