Musikaiako musika taldeek kontzertua eskainiko dute zapatuan
10. urteurreneko bosgarren ekintza izango da; 12:00etan Ikusgarri Zinema Aretoan jarri dute hitzordua. Musikaiako kideez gain, Nabil bakarlariak ere parte hartuko du.
Ikasturtea goi-goitik hasi zuten Musikaia Musika Eskolako kideek, eta urtea ere hala hasiko dute. 10. urteurrenaren baitan, hilero ekintza bat antolatu dute irailetik. Urtarrilekoa bosgarren ekintza izango da, eta zapatuan [urtarrilak 27] jarri dute hitzordua, 12:00etan, Ikusgarri Zinema Aretoan.
Musika eskolako musika tresna talde desberdinek parte hartuko dute kontzertuan, zehazki, Folk Txiki taldeak, Folk taldea, Kamara Gazte taldeak, Kamara taldea, Jazz konboak, Rock Txiki taldeak eta Rock taldeak. Zazpi taldeek, bakoitzak bere estiloko abestiak eskainiko dituzte, taldeak izendatzerakoan duen estiloari jarraituz.
Horrez gain, herriko kultur talde ezberdinekin elkarlanean aritzea da ekintza horien helburuetako bat, eta urtarrileko ekintzagaz batera Lekeitioko Burrundada Elkartearekin kontaktuan jarri ziren: “Eurekin berba egin ostean Nabilen kontzertua egitaraura gehitzea erabaki genuen”. Izan ere, disko berri bat ateratzeko puntu-puntuan dago Unai Egia lekeitiarra; aurkezpena egun berean, zapatuan [urtarrilak 27] 19:00etan egingo du, Azkue aretoan.