Umeentzako zesta-punta jardunaldia egingo dute Munitibarren
Markina-Xemeingo zesta-punta eskolak antolatuta, domekan [urtarrilak 28] kinielak egingo dituzte frontoian, eta jarraian kopaua, plazako karpan. Gaztetxoenen arteko saretzea bultzatzea eta zesta-puntarekiko zaletasuna bultzatzea dituzte helburu.
Markina-Xemeingo zesta-punta eskolaren ekimenez, Lea-Artibaiko umeei zuzendutako zesta-punta jardunaldia egingo dute datorren domekan [urtarrilak 28], Munitibarko udal pilotalekuan. Kirol hori eskualdeko gaztetxoenen artean sustatzea eta hura egitera animatzea ditu helburu egitasmoak. Jadanik Etxebarrian egina dute eta, bertako emaitza ona ikusita, Munitibarren errepikatuko dute asteburuan. Ekimenaren buruan dago, besteak beste, Jon Bullet Zabala puntista profesional markina-xemeindarra. Hark azaldu duenez, haurrek “hain boladan” dagoen kirola bertatik bertara ezagutzea bilatuko dute Munitibarren, “lagunarteko giroan eta inongo lehiaketa presio barik”.
10:30ean ipini dute hitzordua atal bi edukiko dituen egitarauari ekiteko. Batetik, bertaratzen den ume kopuruaren arabera, kinielak egingo dituzte frontoian; bestetik, herriko plazan kokatutako karpan kopaua eta solasaldia egingo dituzte, azken hori udalak antolatuta. Puntistak zehaztu du 14:00ak aldera arte luzatuko dela eguneko egitaraua. Gaur-gaurkoz, 90 lagun inguruk izena eman dute eta, horrenbestez, egitasmoak arrakastatsua izateko zantzu guztiak ditu. “Kopuru aldetik, badirudi 100 parte-hartzaile edo gehiago bilduko garela; oso pozarren gaude jasotako erantzunagaz”. Era berean, interesa dutenak bertaratzeko moduan dira oraindik. Horretarako, aipatutako orduan Munitibarko udal pilotalekura joatea besterik ez dute egin beharko. Saioa, gainera, doakoa izango da.
Jon Zabala: “Umeek orain arte eduki ez duten kirol eta aisialdi eskaintza izan dezatela bilatu nahi dugu”
Zabalak azaldu du eskualdeko hainbat udalerritako haurrek ez dutela Markina-Xemeingoek bezainbesteko aukerarik zesta-puntaz gozatzeko, eta horrexegatik antolatu dutela programazio hori: “Markina-Xemeinen, adibidez, Uni frontoia eta azpiegitura onak dauzkagu eta, zentzu horretan, aukera asko zabaltzen zaizkie umeei. Zesta-punta eskolarik ez duten gainontzeko herrietan, baina, aukera horiek murritzagoak dira; alde horretatik, orain arte eduki ez duten kirol eta aisialdi eskaintza izan dezatela bilatu nahi dugu”.
Topaketa hori antolatze aldera, Xisterak egin ohi dituen jardunaldiak hartu dituzte oinarri: “Kontua da Xisterak zesta-puntako klubak dituzten udalerrietan egiten dituela topaketak; guk, geure aldetik, eskolarik gabeko guneetara zabalduko dugu eskaintza”. Markina-xemeindarrak, bestalde, argitu du Ziortza-Bolibarko ume zestazaleak ere Munitibarren egongo direla. “Jakin badakigu herri horretako hainbat umek zesta-puntarekiko zaletasuna daukatela; beraz, ondo etorriak izango dira domekan”, azaldu du Zabalak.
“Guk beharrezko material guztia eroango dugu, eta edonork parte ahalko du, adina gorabehera”
Guztiei zuzenduta.
Kirol alorraz harago, Munitibar moduko herri txikiei “bizitasun puntutxo gehigarria” ematea ere jomuga izango dute: “Hurreratzen direnek elkar ezagutzeko aukera bikaina edukiko dute, baita herriko jendea ezagutzeko ere. Hortaz, interesa duen edonori bertaratzeko deialdia luzatzen diogu”. Neska-mutilez gain, gurasoak eurak ere zesta-puntaz gozatzera deituak daude: “Guk beharrezko material guztia eroango dugu, eta edonork parte ahalko du, adina gorabehera”. Bestalde, Zabalak aurreratu du eskualdeko edota inguruko beste herriren batek jardunaldiok egiteko interesa edukiko balu, “oso pozarren” egingo luketela: “Markina-Xemeingo zesta-punta eskolagaz hartu-emanean ipintzea besterik ez dute”.