Beti-betikoari eutsiz datoz Aulestiko Narea auzoko San Bizente jaiak
Mus txapelketagaz hasiko dituzte bihar [urtarrilak 26] San Bizente jaiak Narea auzoan. Zaldi dema zapatuan 13:00etan izango da.
Bi eguneko egitaraua osatu dute Aulestiko Narea auzoko San Bizente jaiak ospatzeko. Barikuan [urtarrilak 26] hasiko dituzte herritarrek jai giroan ospatzeko antolatutako jaiak. Ohiko ekintzei eutsi diote, hortaz, “betiko ekintzak izango dira nagusi”.
Bihar mus txapelketagaz hasiko dira ospakizunak, hain zuzen ere, covid aurreko egiturara bueltatzea erabaki dute, espazio falta dela eta. “Mus txapelketa covid aurreko urtean ere barikuan egin zen. Espazio falta arazo bilakatzen zen, musa eta briska biak batera ipini ezkero jende asko pilatzen zen, eta itxaroten egon beharrak asko luzatzen zituen txapelketak”. Hortaz, egun bakoitzean txapelketa bat ipintzea erabaki dute.
Zapatuan, ostera, mezagaz hasiko da ospakizuna, eta ostean umeentzako jolasak egingo dituzte. “Iaz arratsaldean herri kirolak jarri genituen umeentzat, baina ez genuen eguraldia lagun izan. Hortaz, goizean jolasak mantentzea erabaki dugu herritarrek goizean hurbiltzeko joera dutelako, eguraldia lagun izan edo ez”.
Ostean, beti bezala, zaldi dema egingo dute; nor baino nor gehiago ariko dira. Etxebarriko Oier Irubideren Timber zaldia eta Markina-Xemeingo Gaztiñeren Adu zaldia nor baino nor gehiago ariko dira. Arratsaldean, berriz, karta jokoen bigarren hitzordua izango da: 17:00etan abiatuko baita Briska Txapelketa. Ostean, eta eguneko jaiari amaiera emateko, txokolatea banatuko dute.
EGITARAUA
Urtarrilak 26, barikua
- 20:00. Mus txapelketa. Izena ematean 15 euro. Sariak:
- 1. saria: 200 euro
- 2. saria: 120 euro
- 3. saria: 90 euro.
Urtarrilak 27, zapatua
- 12:00. Meza, auzoko ermitan.
- Ostean. Umeentzako jolasak, Olatz eta Andere trikitilariek girotuta.
- 13:00. Zaldi Dema: Etxebarriko Oier Irubide eta Markina-Xemeingo Gaztiñe.
- 17:00. Briska txapelketa hirukoteka. Izen ematea 15 euro. Sariak:
- 1. saria: 200 euro
- 2. saria: 120 euro
- 3. saria: 90 euro.
- Jaiari amaiera emateko, txokolatea.