Kantauri Itsasoak jasandako aldaketak, aztergai Zientziaren Giltzaken hitzaldian
Zientziaren Giltzak Elkarteak antolatuta Winter is coming? Evolucion del Mar Cantabrico en los ultimos 130.000 años hitzaldia eskainiko du Blanca Martinez geologoak astelehenean [urtarrilak 29], 18:30ean, Kofradia Zaharrean.
Euskal Herriko Unibertsitatean doktore eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Geologia Saileko kide Martinezek geologiaren ikuspegitik azken 130.000 urteetan Kantauri Itsasoak jasandako aldaketak aztertuko ditu. “Itsas korronteetan eta garapenean klima aldaketak eragindako ondorioak ikusiko ditugu, eta kostaldeko herritarren bizitzan izandako eragina. Horrez gain, etorkizunari begiratuko diogu eta hurrengo mendeetan gure ondorengoek aurkituko dutena irudikatuko dugu”.