Jakitera eman dituzte Markina-Xemeingo udalbatzarrean hartutako erabakiak
Markina-Xemeingo udalbatzako kideek bi erabaki hartu dituzte aho batez: HAZI Fundazioari lursail baten lagapena onartzea eta Barinagako foru errepidearen zati baten lagapen eskaria onartzea.
Markina-Xemeingo Udalak osoko bilkura egin zuen pasaden eguenean [urtarrilak 25] eta aho batez hartutako bi erabaki nabarmendu dituzte udaleko ordezkariek.
Alde batetik, HAZI Fundazioari herriko lursail bat uzteko erabakia onartu dutela azaldu dute, esnekigintza sektoreari zuzendutako Euskadiko lehen zentro espezializatua eraiki eta abian jartzeko helburuagaz. Sektorea indartzeko “aholkularitza tekniko aurreratua, prestakuntza espezializatua, berrikuntza proiektuen garapena eta elikagaien segurtasunean oinarritutako beste zerbitzu batzuk” eskainiko dituzte.
Beste aldetik, Barinagako foru errepidearen zati baten lagapen eskaria ere onartu egin zuten: “Barinaga auzoan aspalditik premiazkoa ikusi da abiadura murrizteko neurriak hartzea”. Hori dela eta, eta errepidea Bizkaiko Foru Aldundikoa denez, udalak kudeaketa lanak egin ahal izateko lagapena burutu behar da, “errepidearen gutxieneko luzera zehaztuta”. Lagapen eskaria onartzeagaz batera, Aldundira bidali du udalak.