Lea-Artibai eta Mutrikuko ordezkariak Fiturren izan dira
Atzo [urtarrilak 28] amaitu zen azoka eta bertako eragileak “pozik” amaitu dute jasotako erantzunagaz.
Urteroko hitzordua da Madrilgo Fitur nazioarteko turismo azoka, eta beste urte batez bertan izan dira Lea-Artibai eta Mutrikuko ordezkariak. Besteak beste, Geoparkeko arduradunak, Etxebarriko Antsotegi Hotelekoak, Leaktibai elkartekoak edota Garapen elkartekoak ere bertan izan dira joan den eguenetik [urtarrilak 25] domekara arte [urtarrilak 28].
Antsotegi Hoteleko Julen Hernando arduraduna “pozik” agertu da bidaiagaz, “oso ondo” joan dela eta batez ere eskualdeak ematen dituen aukera anitzak zabaldu dituztela: “Lea-Artibain paraje eta proiektu ederrak ditugu eta hauek are eta gehiago ezagutarazteko aukera ezin hobea da Fitur”. Hain zuzen ere, hori izan da parte hartu duten eragileen helburu nagusia. Horrez gain, bestelako taldeekin elkartzeko eta iritziak eta proposamenak partekatzeko “leku egokia” dela nabarmendu dute.
Proiektu izarra. Bizkai, Araba eta Gipuzkoak aurkeztu duen proiektu izarra Euskadi Gran Tour izan da. Lurraldea goitik behera zeharkatzeko eta ezagutzeko zortzi etapa eskaintzen ditu ibilbideak, eta lehendabizikoa Lekeition amaitzen da. “Utz zaitez harritzen esperientzia paregabe batek gure patuaren esentzia abegikorra harrapatzen duenean. Ezagutu kostaldearen bihotza Grand Tourreko lehen etapa zirraragarri honetan. Bilboko modernitatetik Lekeitioko kostaldeko edertasuneraino, ibilbide honek Euskadiko kulturan, historian eta gastronomian murgiltzen zaitu”, azaldu dute.