Mutrikuko merkatu plaza birgaituko dute
Herritarrei zerbitzua hobetzea eta erakargarriagoa izatea du helburu. Merkatu plazako sarrera aldatzea, postuen birkokatzea eta babesgune bat egitea izango dira aldaketa nagusiak.
Merkatu plazaren birgaitze proiektuko lanak abiatzeko beharrezko prozedurak martxan jarri ditu Mutrikuko Udalak, otsailean exekutatzen hasteko asmoz. Herritarrentzako zerbitzua hobetzea eta erakargarriagoa izatea helburu duen proiektua herriko merkataritza bultzatzeko proiektuaren baitan gauzatuko dute.
2020-2021 urteetan parte hartze prozesu bat egin zuen udalak merkatu plaza aktibatu eta ahuleziak zeintzuk ziren jakiteko asmoz; prozesuan jasotakoa oinarri hartuta, proiektu bat finkatu zuten. “Proiektuak, azken finean, merkatu plaza herriratu nahi du, eta horretarako egin da”, zehaztu du Aitor Itza Iparragirre zinegotziak.
Hiru helduleku nagusi ditu proiektuak: merkatu plazako sarrera aldatzea, postuen birkokatzea eta babesgune bat egitea. Gainera, wifi gune bat ipiniko dute eta hozteko leihatilak egongo dira. “Merkatu plazako sarrera bisuala izatea nahi dugu; merkatu plazara joatea, ez topatzea. Horrez gain, barruko postuen kokapena aldatu egingo da, eta herrian dagoen gabezia bati erantzuna emango zaio. Izan ere, neguan ez dago tokirik umeak edo jendea egoteko, babesgune edo aterpe baten falta dago. Proiektu honek irtenbide bat emango dio arazo horri”.
Horrez gain, Beheko Plazatik merkatu plazara dauden ur iragazpenen arazoari irtenbidea emango diote. “Azterketa bat egin dugu Beheko Plazatik merkatura dauden ur iragazpenak aztertzeko, eta ikusi da baietz, badaudela”. Hortaz, asfaltozko geruza berria jarri eta harri berriak ipiniko dira.
Birgaitzeko lanak aurrera eramateko, Europako Batasunaren Berreskuraketa, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean oinarritutako diru laguntza jaso du udalak, eta hori dela eta, ekainaren 30a baino lehenago burutu beharko dituzte lanak. “Kontratua adjudikaturik aurkitu beharko da otsaila amaitu baino lehen”. 1.177.684,71 euroko (BEZ barne) proiektua aurkeztu zuen laguntzetara Mutrikuko Udalak, eta 750.0000 euroko diru laguntza jaso du proiektua aurrera eramateko.
Proiektua definituta dagoenez, otsailean proiektua martxan jartzen hasiko direla jakitera eman dute. “Hemen garrantzitsua epeak betetzea da, diru laguntza guztietan bezala. Erronka proiektua eginda edukitzea da ekainaren 30erako”. Hala eta guztiz ere, epeak motzak direla ikusita, luzapena eskatu dute laguntza deialdian. “Nahiz eta geure buruari epe hori jarri diogun, badaezpada, luzapena eskatu egin dugu”.