Jatetxe Nabarniz, Zaldi Nagusien Euskadiko Txapeldun
Jatetxe Nabarnizek Zaldi Nagusien Euskadiko Txapelketa irabazi du, Aulestin. Enkarterri Turf Power eta Garcia Alabak izan dira, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren.
Aulestiko probalekua maila handiko zaldi proben kokaleku izan da, joan den asteburuan. Hain zuzen ere, Kintopekoen eta Zaldi Nagusien Euskadiko Txapelketa lehiatu dituzte asteburuan bertan, udalak eta Euskadiko Herri Kirol Federakundeak elkarlanean antolatuta. Zapatuan [urtarrilak 27] Kintopeko lehia egin zuten, 20:00etan. Herritarrek punta-puntako lehiaketaz gozatu zuten. Domekan [urtarrilak 28], txapelketa handiaren txanda izan zen: Zaldi Nagusiena.
Nabarnizko Jatetxe Nabarniz nagusi agertu zen, eta txapelketa poltsikoratu zuen. Jatetxe Nabarnizek 64 plaza eskuratuta irabazi zuen txapelketa; bigarren sailkatutako Enkarterri Turf Powerrek, ostera, 60 plaza lortu zituen; podiuma Garcia Alabakek osatu zuen, 59 plazagaz.