Lekeitioko gazteek mendi martxa egingo dute zapatuan
Lekittoko Gaztiak taldeak antolatu du ibilaldia; amaieran jan-edana egongo da. Izen ematea bihar [otsailak 2] amaituko da.
Lekeitioko gazteak ezin geldik egon, eta zapaturako [otsailak 3] gazte mendi martxa antolatu du Lekittoko Gaztiak taldeak: “Aurretik ez dugu horrelakorik antolatu, lehenengo aldia da. Taldekide bati otu zitzaion, eta hala egin dugu”. Euren sare sozialetan zabaldu dute izena emateko galdetegia, eta bihar [otsailak 2] amaituko da epea.
09:00etan jarri dute hitzordua, eskolapean. Hiru orduko ibilbideari ekingo diote, eta Otoio izango da lehenengo geldialdia. Bertatik Ispasterrera jaitsi eta Kurtxiatik bide gorria hartuta, Oletara iritsiko dira. Hiru gurutzeak egin ostean, Lumentza mendia izango da Eskolapera iritsi aurretik egingo duten azken geldiadia.
Ibilbidea gutxi ez, eta amaitutakoan indarra hartzeko, 13:00etatik aurrera jan-edana eta musika jarriko dituzte limoneroan: “Mendi martxaren aitzakiagaz, ostean eskolapean elkartu eta txosna txiki bat jarriko dugu: txorizoa, txistorra… denetarik edukiko dugu”.
Talde berria. Lekittoko Gaztiak taldea edo asanblada berria da herrian. Iazko udan Gazte Egunaren aitzakiagaz elkartu ziren: “Lekeitioko gazte taldetxo bat elkartu ginen gazte eguna antolatzeko. Konturatu ginen aisialdirako eskaintza ze desberdina den udan eta neguan, eta horregatik, Gazte Egunaren ostean ere batzen jarraitu genuen. Gabonetan afaria egin genuen, bertso poteoren bat ere antolatu dugu… Egin ditugu gauzatxo batzuk”.
Aurrera begira ere ekintzak antolatzen jarraitzeko asmoa dute, Gazte Eguna tarteko: “Taldeagaz jarraitzeko asmoa daukagu. Oraindik guztiz garatu barik daukagu, baina, korrikaren bueltan ere zerbait egiteko asmoa daukagu. Abuztuan, nola ez, gazte eguna egingo dugu ostera ere. Badaude pixkanaka antolatzen joango garen gauzak”.