Mutrikuko Binakako Pala Txapelketako irabazleak erabakiko dira asteburuan
Zapatuan [otsailak 3] 09:00etan hasiko dira finaleko partidak Miruaitz pilotalekuan. 42 bikotek parte hartu dute txapelketan.
Urrian abiatutako Mutrikuko Binakako Pala Txapelketaren azken txanpari heldu eta finalak jokatuko dira zapatuan [otsailak 3] Miruaitz pilotalekuan. 09:00etan hasiko dira partidak eta hiru mailatako irabazleak aterako dira.
42 bikotek izena eman zuten txapelketan, eta mutrikuarrak dezente izan diren arren, hamaika txokotatik etorritako bikoteak aritu dira: Donostia, Ondarroa, Zarautz, Eibar, Berriatu, Markina-Xemein… Hirugarren mailan 20 bikote aritu dira, bigarren mailan 18 bikote eta lehenengo mailan, ostera, 4 bikote. “Lehenengo mailan orokorrean jende gutxi ibiltzen da, maila handia egoten baita. Hala ere, parte hartze datuak oso onak izan dira. Gainera, kontuan izanda soilik asteburuetan lehiatzeko aukera dutela, oso pozik gaude. Txapelketa izena hartzen ari da gutxika”.
Zapatuan, hirugarren mailakoak izango dira lehenengo norgehiagokari helduko diotenak eta bikote biak herritarrak izango dira; Fermin eta Josuk osatutako bikoteak Jon Ituarte eta Txiki izango dituzte aurrez-aurre. Ostean, bigarren mailako finalaren txanda izango da: Txirloi eta Iker Mendibe ondarrutarrek zestoako Rodrigez eta Etxabe bikotearen aurka lehiatuko dute finala. Azkenik, lehenengo mailako txapela egongo da jokoan: Txaparro eta Garalde herritarrek Pepe eta Txirturen aurkako lehiari ekingo diote.
Xurdo Memoriala. Iaz Piker Memorialari izena aldatzea erabaki zuten, hain zuzen ere, Andres Xurdoren omenez. Inauterien ostean lehiatuko da estreinako Xurdo Memoriala eta 13 bikotek izena eman dute, denak ala denak, herritarrak.