Kamiñazpi, munduko grafiti onenen kabia
Sabotaje Al Montaje artistaren murala eragin soziala duen 2023ko munduko muralik onena bezala hautatua izan da. Djoels artistak egindako murala 2023an egindako munduko zortzigarren lanik onena izan da.
Ondarroako Kamiñazpi auzoa aire libreko museo bilakatzeko erabakia hartu zuen Ondarroako Udalak eta Murales Lian artistaren eskutik hasitako bidea ibilbide ezin hobea egiten ari da. Hiru mural daude Kamiñazpiko hormetan, hirurak lortu dituzte mundu mailako errekonozimenduak: Murales Lianen lana munduko hirugarren onena izan zen 2022an, DJoelsena munduko zortzigarren onena izan da 2023an eta Sabotaje Al Montaje artistaren lana eragin sozialaren sari nagusia lortu du.

Herrian bizi, jaso eta irudikatu. Egonaldi bidezko prozesuaren emaitza izan dira Kamiñazpiko hiru lanak eta hirurak herriaren izaera islatzen dute. 10.000 bozka baino gehiago lortuta eragin sozialaren sari nagusia lortu duen artista kanariarren lanak artxiboko argazkiak ditu abiapuntu eta emakumea eta itsasoa uztartzen ditu. Kolore gorria, zuria eta berdea baliatuz herria, lana, arrantza eta belaunaldien arteko lotura balioan jartzen ditu.

DJoelsek egindako lanak, ostera, herritar bat du oinarri: Gabriel Arrizabalaga maketagilea. Lan egiteko modu batetik, bizitzeko modu batetik eta artistaren bizipenetatik abiatutako sentimendu bat horma irudi bilakatu zuen. Hala, 2023ko mundu mailako zortzigarren lanik onena bezala hautatua izan da.
Aurtengo lan saridunek, aurrekari erreferente bat izan dute. Murales Lianek saregileei egindako omenaldi lana. Lehenengo lana izan zen, herri baten izaera horma irudi bilakatu zuen eta mundu mailako artelan onenetako bat eskaini zion Murales Lianek herriari, aire libreko museoaren proiektuari oihartzuna emanez.
