Bertso eta bazkari artean ospatu dituzte sanblasak Amoroton eta Aulestin
Amoroton bertso bazkaria egin dute Garazi Navarro, Aissa Intxausti eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariekin. Aulestin, berriz, jubilatu eta pentsiodunek bazkaria egin dute.
Otsaila hasteagaz batera hasten da Euskal Herrian ohituraz beteta dagoen hilabetea ere. Lagunen, ezagunen eta familikoen babesean elkartzen dira euskal herritarrak, eta hala elkartu dira Amoroton eta Aulestin ere sanblasak ospatzeko asmoz.
Herritarrek ezin gehiago gozatu, bertsoak izan dira nagusi Amoroton. Bertso bazkaria antolatu du Amorotoko Udalak eta herritarrek ezin hobeto erantzun dute: bazkarirako txartelak atera eta denbora gutxira guztiak saldu ziren. Beraz, herriko taberna goraino beteta, 14:30ak inguruan 50 herritar inguru elkartu dira plazan.
Barazki paella eta oilaskoa jan ostean, Lea-Artibai eta Busturialdeko punta-puntako hiru bertsolari entzuteko aukera eduki dute amorotarrek. Garazi Navarrok etxeko goxotasunean kantuan aritzeko zortea eduki du, eta berarekin egon dira Aissa Intxausti lekeitiarra eta Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarra ere. Ezin gusturago egon dira herritarrak, eta bertsoak entzunaz eman diete amaiera San Blas egunari.
Aulestin jubilatu eta pentsiodunak izan dira nagusi; goizean goiz hasi dira San Blas egunagaz. 10:30ean jubilatu eta pentsiodunen elkarteko kideek urteko batzarra egin dute txokoan: “Ezin hobeto joan da batzarra. Denak ados egon dira hartu ditugun erabakiekin. Kopaua egin ostean bazkaltzera joango gara denok elkarrekin”. Esan eta bete, batzarraren ostean, eta hamaiketakoa egin eta meza entzun eta gero, 32 jubilatu eta pentsiodunak bazkaltzera joan dira Oletako Ibaigane jatetxera. Guztiek elkarrekin goi-goitik amaitu dute eguna.