Arantza Ibarrak 'Metatron. Donde el alma sonrie' liburua aurkeztu du
Ondarrutarraren laugarren liburuak garapen espirituala eta hazkunde pertsonala oinarri izanik, kosmosaren eraginaz hitz egiten du.
Arantza Ibarra ondarrutarrak Metatron. Donde el alma sonríe liburua argitaratu du Kolima argitaletxeagaz, Ibarraren laugarren liburua da eta Metatron segidako hirugarrena. Liburuaren lehen aleak kaleratu berritan herrian aritu zen zapatuan [otsailak 3] liburuak sinatu eta herritarrekin solasaldian Idiakez liburu dendan.
Metatronen hirugarren liburua da, eta aurreko bietan bezala, liburuek Ibarraren garapen espirituala eta hazkunde pertsonala ditu oinarri, baina independenteak dira, ez dute nahitaezko jarraipen bat behar irakurtzeko orduan. “Idatzi ditudan lau liburuek jarraitzen dute nire bizipen espirituala eta energetikoa. Nire esnaera espiritualetik abiatutako ibilbidea eta egindako ikasketa guztiak, liburuen bidez transmititu ditut”.
Azken liburuan, kosmosa da abiapuntua, panetek gizakiengan eta animaliengan duten eraginari buruz hitz egiten baitu Ibarrak liburuan: “Planetek guregan duten eragina dago erdigunean, energia oinarri izanik. Planetek eta galaxiek eragin negatibo bat dute gugan. Hortaz, liburu honetan kosmosa eta energia izan ditut ardatz”.
Voynich eskuidatziari erreferentzia egiten dio, zeharka, esku idatzian jasotakoa eta idazleak jasotakoaren artean lotura bat eskainiz: “Planetei buruzko atal bat dago esku idatzian, eta lotura bat egiten dut nik jasotakoagaz eta bertan jartzen duenaz”. Ikasketa eta idazlearen ibilbidea oinarri izanik, bakean bizitzeko eta gaitzei aurre egiteko lanketarako gakoak ematen ditu, bere ikasketa prozesutik: “Zelan ahal dugun gauza txikiekin, koloreekin, pentsamenduekin… gauzak hobetu. Nahiz eta gauza txarrak gertatu bizitzan, posible da bakean bizitzea eta lanketa hori nola egin daitekeen azaltzen dut”.