Erasmus Plus proiektuko ikasleei harrera egin die Ondarroako Udalak
Zaldupe eskolagaz batera Erasmus + programan parte hartzen duten Guadalupe irletako eta Txekiar Errepublikako ikasle eta irakasleei harrera egin diete gaur [otsailak 5].
Guardians on the planets Erasmus + proiektuan parte hartzen du Ondarroako Zadupe eskolak eta gaur [otsailak 5] proiektu berean parte hartzen duten Europako zazpi ikasle eta lau irakasleri harrera egin diete udal ordezkariek Kofradia Zaharrean. Irina Alkorta hezkuntza zinegotziak eta Nerea Lorenzo aniztasun zinegotziak ongi etorria eman die udalaren izenean.
Ingeleseko komunikazioa bultzatzea eta Europako herrialde ezberdinetako ikasleak eta beraien errealitatea ezagutzea helburu duen proiektuan murgildu ziren ondarrutarrak duela 18 hilabete, zehazki, Frantziako Guadalupe irletako eta Txekiar Errepublikako eskolekin batera. “Harreman ona egin dugu eta bidaia hau izango da proiektua borobilduko duena” azaldu du Josebe Azpiri Akarregi Zaldupe eskolako zuzendariak.
Proiektua abiatu zenetik joan etorriak egin dituzte ikasle eta irakasleek hiru herrialdeen artean. Azken topaketa, ostera, Ondarroan izango da. Astebete igaroko dute jada ezagutzen duten herrian, LH6 mailako ikasleekin batera eta hamaika ekimen egin eta herriari azken agurra emateko aprobetxatuko dute, bihar, esaterako, Berriatuara ibilaldia egingo dute. Horrez gain, eguenean Txitxiburduntziko jaia ere ezagutuko dute.
Proiektuari amaiera emateko unea ailegatu da eta Azpiriren esanetan harreman polita egin dute gainontzeko bi herrialdeetako kideekin. “Asko gustatzen zaie Ondarroa, bertan dagoen giroagatik. Pena ematen digu proiektua amaitzea, loturak egin ditugulako, baina beste proiektu bat abiarazteko ahaleginak egingo ditugu”.
Guardians on the planets amaitzear dagoen proiektuaren aurretik Tomorrow is on our hands ingurumenari buruzko proiektuan ere parte hartu zuen Zaldupek. Aurrera begira, beste proiektu batean murgiltzeko asmoa adierazi dute, eta ahal izanez gero, hiru herrialdeek batera egiteko gogoa dute. “Harremanak errotuta daude, baina beste leku batzuetako irakasle eta ikasleekin harremanak sortzea ere polita litzateke”.