Ezustekoak eta maila handiko jokoa, Binakako Pala Txapelketan
Ituarte-Txiki bikotea gailendu da Mutrikuko Binakako Pala Txapelketako hirugarren mailako finalean; Rodriguez-Etxabe, bigarren mailan; Txaparro-Garalde, lehen mailan. Memorialaren "balorazio positiboa" egin du Danok Batek.
Mutrikuko Binakako Pala Txapelketako finalak jokatu zituzten zapatuan, Miruaitz frontoian 09:00etan ekin zieten lehen, bigarren eta hirugarren mailako finalei, eta 14:00ak arte luzatu ziren. Oro har, “maila handia eta lehiakortasuna” nabarmendu zirela azalduta, txapelketaren “balorazio aparta” egin dute Danok Bat elkarteko antolatzaileek: “Txapelketa oso polita izan da, eta finalak horren erakusle dira; asko eduki zuten ezustekotik, tentsiotik eta, batez ere, maila handiko jokotik”.
Hirugarren mailako finala jokatu zuten lehendabizi. Lehian estuaren ondoren, Ituarte-Txiki bikoteak 25-19 irabazi zion Ferminek eta Josuk osatutakoari. Bigarren mailakoan, ostera, Zestoatik bertaratutako bikotea, Rodriguezek eta Etxabek osatutakoa, 25-20ko markagailuagaz gailendu zitzaion Txirloi eta Mendibe ondarrutarrek osatutakoari. Antolatzaileek azaldu dute Ondarroako bikotea zela ustezko hautagaia eta, horrenbestez, “sorpresa” egon zela maila horretako finalean: “Zestoarrek hiruzpalau tantoko aldea lortu zuten eta ondarrutarrak ez ziren gai izan arrakala hari aurre egiteko”.
Azkenengo neurketa, lehen mailako finala, izan zen hiruretatik iragartzen errazena. Izan ere, Txaparrok eta Garaldek osatutako herriko bikoteak garaipen boteretsua eskuratu zuen Peperen eta Txirturen aurka; 25-15eko markagailuagaz nagusitu ziren. Etxekoen bigarren garaipena da txapelketa horretan.
“Xurdo Memorialean hamabi bikotek parte hartuko dute; horietako asko gazteak dira
Danok Batetik “benetan pozik” agertu dira pilotariek erakutsi duten jarrerarekin eta izena eman dutenen kopuruarekin: “Lehen mailan ez dira hainbeste parte hartzaile egon, baina bigarrenean, esaterako, egundoko maila egon da. Dena dela, kopuru aldetik, hirugarren mailan aritu dira pilotari gehien“.
Xurdo Memorial “ederra”.
Iaz Piker Memorialari izena aldatu ostean, aurtengo Xurdo Memorialaren estreinako aldia inauterien ostean jokatuko dute. Danok Batekoak txapelketa horren izen ematearekin ere “ezin pozago” daude: “Hamabi bikotek parte hartuko dute; horietako asko gazteak dira. Horrek erakusten du pala bizirik dela, baduela jarraipena eta memorial oso ederra dela”.