Ikasketa prozesua garatzeko espazio berdeak
Beste era batera ikasiz, ikasketa prozesuak garatzeko espazioak dira Gym Berdeak. Ume zein helduak ingurumena zaindu eta errespetatzeagaz jabetuta batzen dituen proiektua da Berriatuan esku artean daukatena.
Lorezaintza ekologikoan oinarrituta, inguruak edertzeko eta hobetzeko lan egin, eta osasuna sustatzeko gunea da Gym Berdea, eta, Berriatuan proiektuagaz jarraituko dute aurten ere. Astelehenean daukate urteko lehenengo hitzordua, eta proiektua “apur bat gehiago mimatzea” dute helburu, aukerak aprobetxatuta, “gehiago zukutu” gura dute.
Ikasketa prozesua garatzeko espazioa izatea da asmoa.”Adibidez, matematika, marrazketa eta eskulanak landu daitezke ikasgelatik kanpoko proposamen honetan. Ortuak horretarako aukera eman digu”, azaldu du proiektuaren koordinatzailea den Keko Alonso biologo eta Besaiako kideak.
Gym Berdea proiektu bakarra da, baina “herri bakoitzean modu desberdinetan gauzatzen” dute. Esaterako, Ean proiektuaren “erdigunea” Natxituko Haizeder Eskola da. Hilean hiru saio egiten dituzte bertan, eta beste saio ireki bat egiten dute, deialdi zabalagaz, udalerriko beste txokoren batean–lekua txandakatzen joaten dira–. Gym Berdea Eskolan saioak familien topagune dira. “Larrabetzun 6 urtetik aurrerakoekin aritu ginen, eta iaz Ean 2 urtetik aurrerako umeekin hasi ginen. Berritasuna eta erronka izan zen, eta ikusi genuen posible zela”. Hala ere, dioenez, kontutan hartu behar da talde handiak eta adin-tarte zabalagaz osatutakoak izatean, “batzuk atzean gelditu” daitezkeela. Horregatik, kopurua murriztu, eta apurka-apurka “familiak inplikatzea” lortu dute. Saioetan batez beste hiru bat familia biltzen dira. “Ipar Ameriketan bazterkeria egoeran dauden umeen eskoletan erabili izan den estrategia da heldu eta umeen ratio igotzea, gurasoek parte hartuz. Errekurtso hori probatu dugu, eta hobekuntza igarri dugu”. Halaber, eskolaren eta familien harteko harremanak estutzeko, hurbileko harremanak bultzatzeko ere baliagarria dela uste dute.
Berriatuan, ostera, hamabosterik behin helduekin saioa egiten dute, eta hiru asterik behin eskolakoekin. “Eskolan Eako ereduari jarraituta jardungo gara. Iazko ikasturte amaieran, ortua sortu genuen, bertan zegoen konpostegiaren inguruan”. Espazio horretan ortuagaz batera, baso-landareentzat mintegi txiki bat eduki gura dute.
Era berean, zenbait lorategi ere sortu zituzten herrigunean. “Eta bestalde, udala baso bat eskuratzera bultzatu gura dugu, prozesua zabaltzeko. Umeekin ezkurrak batu genituen, eskolan ernamuindu dituzte eta zaintzen ari dira, eta mintegian lurrera pasatuko ditugu. Prozesu osoa egin gura dugu; hurbileko mendi publiko batean landatu gura ditugu. Hori da datozen hilabeteetarako daukagun bide-orria”.
Ean herenegun egin zuten urteko lehenengo saioa, eta espinakak eta letxugak landatu, eta baratzerako makilatxoak egin zituzten, landatutako barazkien esparruak neurtzeko. “Martitzeneko saioa oso polita izan zen. Zenbakiak eta idazketa lantzeaz gain, metroa hartu eta markatzen trebatzen dira. Ikasgelan ere egiten dute, baina, horrela, praktikan, zerbaitetarako dela ikusten dute. Ikasketa prozesuak asko hobetzen dituela deritzogu”.
Irailean egungo eraikina bota eta eskola berria eraikitzeko lanekin hastea aurreikusita dagoela zehaztu du Alonsok, eta ortua mantenduko badute ere, berriztatzen ari diren txabola bota egingo dute: “Txabolan naturgela sortzen ari gara, erramintak uzteko, espazio berdeko lana osatzeko”.
Datorren asteko saioak
Azkenengo hiru urteetan basoak birsortzeko egindako proiektuak berrikusten hasiko dira datorren astean: “Urtubiagan orain dela bi urte auzolanean egindako landaketa aztertuko dugu, zeozer birlandatzeko beharra dagoen ikusiko dugu”. Bestelako saioa ere egingo dute Iñaki Gonzalo Laraudogoiti erlezain eatarragaz, otsailaren 17an. “Apiterapia, erleekin terapia egiten du, eta beragaz landarediari eta faunari buruzko saio bateratua egingo dugu”.
Urtez urte pausoak ematen dabiltza, eta aurretik emandako pausoek pauso berriak ematea ahalbidetzen die.”Lorategiak, ortuak eta basoak eta auzolana, parte-hartzea. Horien batura da Gym Berdearen oinarria, eta, horrela, ikasketan sakontzea”. Lasaitasun giroa sortu gura dute, ezarrita dituzten helburuak lortzeko: “Aurtengo osagai berria hori da. Batez ere, ikasketa prozesuan arazoak dituztenentzat garrantzitsua da giro hori izatea, eurekin lan egitea. Beste era batera ikasten dute”.
Proiektuagaz “ilusioz beteta” daude, parte hartzaileentzat onuragarria den jarduera izateaz haratago, ikasleek “hurbiltasunetik ikasten” baitute.”Abstrakziorako gaitasuna daukaten ikasleek ikasketa prozesuagaz bat egiten dute, eta ondo moldatzen dira. Baina, errealitatea ukitzea, usaintzea… behar dutenak, abstrakzio horretara jotzea gehiago kostatzen zaienak askotan atzean geratzen dira, eta ikasteko balio ez dutela sentitzen dute. Eta hori ez da horrela, beste era batera ikasten dute. Gym berdea baliatu gura dugu ikasle horiek atzean ez geratzeko, bat egiteko eta ikasteko gogoa ez erretzeko”.