Palestinako egoerari buruzko hitzaldia eskainiko dute barikuan Etxebarrian
ETX kultur elkarteak antolatu du, eta Gabirel Ezkurdia EHUko GeopolitikaZ ikerketa taldeko kideak emango du hitzaldia.
ETX Kultur Elkarteak Palestinako egoera ezagutzera emateko asmoz Zer ari da gertatzen Palestinan? hitzaldia antolatu du. Barikuan [otsailak 9] 19:00etan jarri dute hitzordua, Etxebarriko kultur aretoan.
Gabirel Ezkurdia politologo, nazioarteko analista eta EHUko GeopolitikaZ ikerketa taldeko partaideak emango du hitzaldia: “Gabirelek hasiera hasieratik kontatuko du nondik datorren konflikto honen oinarria, eta gaur egunera arteko errepasoa egingo du. Oso interesgarria izango da”.
Egoera, larri. Palestinako egoeragaz arduratuta, herritarren artean kontzientzia piztu eta informatzeko helburuagaz antolatu dute hitzaldia: “Beharrezkoa da jendeak informazioa edukitzea, ostea norberak bere ondorioak ateratzeko. Ezin da horrelako genozidio baten aurrean geldik egon, eta garrantzitsua da informatuta egotea. Ikusten genuen beharrezkoa zela gertatzen ari den guztiaren inguruan zerbait antolatzea. Askok ez dute jakingo nondik datorren hau guztia eta zergatik gertatu den orain”.