Gizaburuagako herriko taberna errentan hartzeko aukera dago
Eguen-Eleizaldea 6ko beheko solairua eta etxebizitza eskaintzen dira. Proposamenak bidaltzeko bi bide zehaztu dituzte.
Gizaburuagako udalaren jabetzakoa den Herriko tabernaren ustiaketa errentan emateko kontratazioaren prozedura ireki du udalak eta interesa dutenek otsailaren 28a izango dute proposamenak aurkezteko azkenengo eguna.
Ustiaketan eskaintzen dira Eguen-Eleizaldea 6 eraikinaren beheko solairu osoa eta 1. ezkerra etxebizitza, honi dagokion eraikin bereko ganbararekin. Kontratuaren iraupena urte betekoa izango dela zehaztu dute eta beste lau urte luzatzeko aukera izango du. “Luzapena automatikoa izango da, beti ere, kontratuaren edo honen luzapenaren epemuga baino bi hilabete lehenago aldeetariko batek ezezkoa adierazten ez badu”.
2.880 euroko errenta izango da urteko (BEZ gabe), hau da, hileroko errenta 240 eurokoa izango da (BEZ gabe) eta ordainketa hilero egingo da hilaren amaieratik hilaren 5era bitartean.
Proposamenak aurkezteko bi modu daude aukeran eta otsailaren 28a izango da horretarako azkenengo eguna . Batetik, Gizaburuagako Udaletxeko Idazkaritzan (Eleizaldea 2, 946 84 25 86) aurkeztu ahal izango dira, eskuan, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Bestetik, proposamenak posta bidez ere aurkeztu ahal izango dira. Xehetasun gehiago nahi dutenek Gizaburuagako Udalaren webgunean dute dokumentazioa.