'Karpeta Urdinak' dokumentala emango dute Ziortza-Bolibarren
Martitzenean [otsailak 13] egingo dute emanaldia. Ander Iriarte dokumentalaren zuzendariarekin solasaldia ere egingo dute.
Ziortza-Bolibarko Udalak torturaren aurkako egunean, datorren martitzenean [otsailak 13] torturaren gaia lantzeko ekimena antolatu du. Karpeta Urdinak dokumentalaren emanaldia egingo dute 18:00etan, eskoletako aretoan. Sarrera librea izango da eta ez da aurrez erreserbarik egin beharrik egongo.
Emanaldia gutxi ez, eta Ander Iriarte dokumentalaren zuzendariagaz solasaldia ere edukiko dute. Dokumentala 2022ko Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatu zuen Iriartek, eta euskarazko film onenen artean lehiatu zen. Besteak beste, Argia Saria eta Dokumentamadrid saria ere jaso ditu; horrez gain, baita beste zazpi garaikur eta Boliviako Senatuaren errekonozimendua ere.
Oinarria. Eusko Jaurlaritzak 1960tik 2014ra bitartean Bake eta Bizikidetza Planaren baitan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako tortura naiz tratu txarrak biltzeko egindako ikerketa hartu zuen oinarritzat zuzendariak: “Karpeta urdinak dira egiaren sinboloa, hemen pasatu denaren froga, eta inork auzitan jar ezin dezakeena”. Ekoizleek hala erabakita, torturaren eguna baliatuz, datorren martitzenetik [otsailak 13] aurrera dokumentala Youtuben ikusteko aukera ere egongo da.