Korrikaren erakusketa inauguratuko dute bihar Ziortza-Bolibarren
Bihar [otsailak 9] 18:00etan inauguratuko dute erakusketa, Simon Bolivar Museoan. Lekeition, berriz, bihar egingo dute 23. Korrikaren aurkezpen ekitaldia.
Gero eta gertuago dago 23. Korrika; martxoaren 14an Irunen hasi eta 24an Baionan amaituko da. Ziortza-Bolibarko korrika batzordeak eta AEKk elkarlanean, herriko beste hainbat elkarte eta eragileren laguntzarekin batera, korrikaren inguruko egitarau kulturala aurkeztu zuten atzo [otsailak 7]. Lekeition, berriz, bihar [otsailak 9] egingo dute 23. Korrikaren aurkezpena, 19:30ean, Azkue Aretoan.
Euskarak eta kulturak euskal gizartean duen garrantziaz jabetuta antolatu dute ziortza-bolibartarrek bihar hasi eta korrika amaitu arte luzatuko den egitaraua: “Euskarari bultzada emateko asmoz antoltatu dugu, normalizaziorako bide bat da kulturatik egitea. Horrez gain, AEKk aurrera egiteko ere laguntza bat da”.
Horri tiraka, beraz, bihar [otsailak 9] emango diete hasiera ekintzei. Korrikaren erakusketaren aurkezpen ekitaldia egingo dute 18:00etan, Simon Bolivar Museoan. Interesa duen edonor joan ahalko da bertara apirilaren 7ra bitarte, eskualdean bildutako materiala ikustera: “Petoak, argazkiak, kartelak… Orain arte aurkitu dugun eskualdeko materiala egongo da bertan, Aste Santuen ostera arte. Argazkiak, esaterako, genituenaz gain jendeak bidalitakoak dira”.
Erakusketaz gain, martxoaren 17an, domeka, herriko ume eta gaztetxoak elkartu eta 13:00etan korrika txikia egingo dute herrian zehar. Hurrengo asteko eguaztenean, berriz, egun handia helduko da: Markina-Xemein 16:00etan pasa ostean, 16:53 inguruan sartuko da Korrika Ziortza-Bolibarrera. Hori dela eta, 17:00etan jarri dute hitzordua Korrikagaz bat egiteko. Ostean, indarrak hartzeko, musikaz girotuta txokolatada egingo dute.
Hori guztia gutxi ez, eta martxoaren 22an, barikua, Bizkarsoro filmaren emanaldia egingo dute. 18:00etan eskoletako aretoan elkartuko dira herritar nahiz inguruko herrietakoak, eta ostean egileekin solasaldia ere egingo dute.