'Conchita' erraldoiaren aurkezpena "hunkigarria" izan da
Zapatuan [otsailak 10] aurkeztu zuten erraldoia, kalejira eta omenaldia eginaz batera. 'Conchita' aurkezteaz gain, Zerutxu erraldoi txikia ere aurkeztu zuten. Ikusgai daude udaletxean bihar [otsailak 13] arte.
Aste guztian eguraldi onaren esperoan egon ostean, aterune bat irten eta Conchita erraldoia aurkezteko aukera eduki zuten markina-xemeindarrek zapatuan [otsailak 10]. Kalejiran joan ziren Conchita Bustinduiren etxebizitzaraino Markina-Xemeingo erraldoiak eta Bizkaiko Gaiteroak: “Primeran atera zen, polita eta hunkigarria izan zen. Jende mordo bat batu zen; Conchitari hunkituta zegoen”.
Markina-Xemeingo Udaleko ordezkariak ez ezik, bertan egon ziren Bustinduiren familikoak ere, eta asko eskertu zuten erraldoia eta omenaldia egin izana: “Bere familikoek asko eskertu gintuzten. Azkenean hau sekulakoa da eurentzat, horrenbeste urteren ostean herrian horrelako zerbait edukitzea, eta gainera betirako geratuko dena”.
Gainera, herritarrek ere pozez hartu zuten erraldoi berriaren aurkezpena: “Herritarrak oso oso pozik egon ziren. Umeek asko eskertzen dituzte erraldoiak, eta baita nagusiek ere. Conchitaren ikur hori egotea pozgarria da, eta herritarren erantzuna ere pozgarria izan zen”.
Zerutxu erraldoia. Hori gutxi ez, eta Mikel Ibarzabal bergararrak egindako beste erraldoi bat ere aurkeztu zuten: “Zerutxu izeneko erraldoi txiki bat ere aurkeztu genuen, umeek erabiltzeko. Orain arte erraldoi txiki bakarra eduki dugu, Kokote, eta beste bat behar genuenez, emakume dantzari baten omenez egindakoa da Zerutxu“. Udaletxeko sarreran egongo dira ikusgai erraldoi txiki eta handi guztiak bihar [otsailak 13] arratsaldera arte.