Ekintzailetza bultzatzeko asmoz Markina-Xemein Zabalik programa jarri dute martxan
Markina-Xemeingo Udalak, Leartibai Fundazioak eta Hemen Be Bai merkatari elkarteak jarri dute martxan programa. Hutsik dauden herriko lokalen katalogoa osatu nahi dute, negozio aukera berriak sustatzeko.
Markina-Xemeingo Udalak, Leartibai Fundazioak eta Hemen Be Bai merkatari elkarteak elkarnalean abian jarri dute Markina-Xemein Zabalik programa. Honen bitartez, hutsik dauden herriko lokalen katalogo bat osatu nahi dute, lokal horiei buruzko informazio zehatza jaso eta ekintzaileen eskura jarri ahal izateko, bertan negozioak jartzeko. Lokalen jabeentzako izena emateko epea zabalik egongo da martxoaren 15era arte, udaletxeko Berton bulegoan.
Ekintzailetza eta negozio aukera berriak sustatzeko helburuarekin jarri dute martxan programa, eta ekintzaileei laguntza ekonomikoa eskainiko diete “egin nahi duten jardueraren ondoriozko gastuei aurre egiteko”. Horrez gain, aholkularitza zerbitzua jasotzeko aukera ere edukiko dute bai negozio berriek eta baita martxan daudenek ere, eta lokalak apaintzeko eta txukuntzeko ere laguntza jasoko dute.
Izena eman duten lokaletan binilozko panelak jarriko ditu udalak: “Ikusgarritasuna emateko eta Markina-Xemein Zabalik programaren parte direla adierazteko”. Azaldu dutenez, ekintzaileren batek lokal bat alokatzen duenean jabearen eta ekintzailearen arteko kontratua egingo dute, eta parte hartzaileek programa honetan lau urtez parte hartzeko konpromisoa hartu beharko dute. Informazio gehiago Markina-Xemeingo Udalaren webgunean dago eskuragarri.