Narea auzoko ura eta saneamendua hobetu dituzte
Auzoko saneamendua herriko saneamendu sarera lotu da. Lehenengo fasea burututa, bigarrena egitea da helburua.
Narea auzora ura eta saneamendua eramateko obrak abiatu zituen Aulestiko Udalak irailean. Zehazki, lehenengo faseari dagozkion obrak egin ziren, auzoko saneamendua herriko saneamendu sarera lotu eta ur lohiei tratamendua emanez. “Uraren hodiak Arkoide baino goragoa eraman dira”, zehaztu dute udaletik.
Putzu septikoaren egoera desegokiak bultzatu zuen obrak egitea eta horri irtenbidea emateko asmoz kanalizazioak bide kontran egin dituzte. “Hori aprobetxatuz, bidea apur bat zabaldu da oinezkoentzako“. Horrez gain, bazterbideak egin dituzte ibilgailuak gurutzatzen diren momentuak errazteko asmoz.
Obrak 244.731, 83 euroko aurrekontua izan dute eta Urre S.A. enpresak burutu ditu. Bi diru laguntza jaso ditu proiektuak, batetik Bizkaiko Fordu Aldundiko Azpiegiturak Sailaren 60.000 euroko laguntza, eta bestetik, 87.124,90 euroko Eusko Jaurlaritzaren Leader laguntza. Lehenengo fasea eginda, bigarren fase bat edukitzeko aukera dagoela zehaztu dute udaletik. “Nareako obrak bigarren fase bat izango du, beti ere, Udalak Erein dirulaguntzara aurkeztu duen proiektua onartuko balitz”.
Fase horretan uraren hodiak goraino eramango lirateke, zehazki, Narea auzo guneraino, eta “horri esker Arkoide baserrira ur edangarria helduko da”. Gainera, aurreko fasean egin duten bezala, bidea zabaltzeko aprobetxatuko lirateke lanak, horrela, Aulestitik Narea auzora joateko oinezkoentzako segurtasuna hobetuko litzateke.