Torturaren gaineko testigantza eskaintzen duen Bi arnas dokumentala, Mutrikun
"Historia honetan bi arnas kontatzen dira; Iratxe Sorzabalena eta Mari Nieves Diazena, bere amarena".
Mutrikuko Sortuk Bi arnas dokumentalaren emanaldia eta protagonistarekin solasaldia egiteko hitzordua zehaztu du: otsailaren 15ean, 18:30etan, Zabiel kultur etxean. “Bi artnas torturaren gaineko testigantza bat da, bidegabekeria baten isla eta sekula eskaini ez den elkarrizketa bat. Bi dira protagonistak: ama, Maria Nieves Diaz, eta alaba torturatua, Iratxe Sorzabal”.
Torturaren gaia mahai gaineratu eta bi ikuspuntu, bi sufritzeko modu pantailaratzen ditu. “Historia honetan bi arnas kontatzen dira; Iratxe Sorzabalena eta Mari Nieves Diazena, bere amarena. Lehenak, bere azalean pairatu du bizitzarekiko behin-behineko etena. Bigarrenak, berriz, bere parte izan zen alabaren gorputzean. Bi arnas ikusezin horiek ikustarazi nahi ditu historia honek, bi itolarri horiek, sufrimendu bikoitz hori. Kasu honetan, amaren ahotik eta bizipenetatik, baina alabak bere azalean sufritutakoa ardatz hartuta, eta ahal den neurrian Iratxeren ahotsa ere entzunaraziz”.