Atzerritartasunarekin lotutako aholkularitza juridiko zerbitzua eskainiko da Mutrikun
Otsailaren 22an izango da hurrengo zerbitzu eguna. Aurretiaz hitzordua hartu behar da nahitaez.
Atzerritartasunarekin lotutako aholkularitza juridiko zerbitzua martxan jarri dute Mutrikun. Zerbitzua otsailaren 8an hasi zen martxan eta bi astero, eguenetan, eskainiko diote herritarrei zein inguruko herrietakoei. “Behar bat ikusi genuen eta horri erantzuna emateko helburuarekin jarri dugu martxan zerbitzua”, azaldu dute udaleko Ongizate Sailetik.
Mutrikun hilean behin egiten duten kulturartekotasun topaketa irekiak, eta bertan, kezka eta egoera berberak errepikatzen zirela ikusi zuten: “Bileretan aspaldi sumatu genuen paperen eta homologazioen kontua arazo handia dela, nora joan, prozedurak nola egin…”.
Eusko Jaurlaritzaren Aholku Sareak atzerritartasunarekin lotutako aholkularitza zerbitzua eskaintzen du, eta bulego berriak ireki berri ditu, horietako bat, Mutrikun. Gainontzekoak Bilbon, Donostian, Durangon eta Ermua ipini dituztelarik. “Eskera batetik abiatuta, bulego horietako bat Mutrikun jartzea lortu dugu”, gaineratu dute udaletik.
Mutrikuko Konde Kalea 18, behean kokatutako bulegoan eskainiko da zerbitzua, bi astetik behin; hurrengo hitzordua otsailaren 22an izango da, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Zerbitzua jasotzeko nahitaezkoa da hitzordua hartzea eta bi bide zehaztu dituzte horretarako, hala ere, posta elektronikoa erabiltzea gomendatu dute, telefonoa gainezka egoten dela azalduz: sos.gipuzkoa@sosracismo.eu eta 943 24 56 27 telefono zenbakia. “Herritarrek zein inguruko herrietakoek jo dezakete zerbitzura, beti ere gaia atzerritartasun juridikoa izan beharko delarik eta aurretik hitzordua hartuta”. Doako zerbitzua izango da eta arreta pertsonalizatua eskainiko da. “Gauzak ondo egin nahi dira”. Zerbitzuan bertan beharrei erantzuteko gai ez diren kasuetan, bideratu egingo dira prozedurak leku egokienetara.
Hemen zerbitzua eskainiko duten egunen zerrenda. “Aldaketaren bat badago, aurretiaz abisatuko dugu”.
- Martxoak 7 eta 21.
- Apirilak 4 eta 18.
- Maiatzak 2, 16 eta 30.
- Ekainak 13 eta 27.
- Uztailak 11 eta 25.
- Abuztuak 8 eta 22.
- Irailak 5 eta 19.
- Urriak 3, 17 eta 31.
- Azaroak 14 eta 28.
- Abenduak 12 eta 26.