Kolorez jantzi dituzte Ondarroako kaleak
Iluntzean akularen enterruagaz emango diote amaiera aurtengo Inauteriei.
Haur, gazte zein nagusi kalera atera dira gaur [otsailak 13] inauteri martitzena ohi legez hasteko: mozorro kalejiragaz. Eguraldia lagun, Zubi Zahar Herri Ikastola eta Zaldupe Eskolako ikasle, irakasle eta gurasoak Ibaiondotik hasi eta Itsasaurre Plazarainoko bidea osatu dute dantzatuz eta jai giroa herriko kaleetan zipriztinduz.
Musika eta kolorea ez dira falta izan, eta, ezta ikuslerik ere, ez baitute hutsik egin. Herritar, senide, zein lagun kalera zein balkoietara atera dira kalejirak ipinitako jai giroagaz bat egiteko. Lantzoi jaunaren atzetik askotariko mozorroak soinean dituztela osatu dute ibilbidea, barre eta txalo artean.
Inauteri martitzena goi-goitik hasita, egunean zereginik ez da faltako herrian; playback lehiaketa, dantza eta akularen enterrua izango dituzte tartean.