Mahats inausketa praktikoa egiteko aukera egongo da eguenean Lekeition
Lekitto Bedarrak antolatu du; ez da izenik eman behar eta doan izango da.
Lekitto Bedarra taldeko kideek eguenean [otsailak 15] mahats inausketa praktikoa egingo dute, 17:30ean, Usotegin. Txakoli Pipaseko Anton Onaindiak emango du tailerra, eta ordubete inguru iraungo du.
Azaldu dutenez, tailerra doan izango da, eta parte hartu nahi dutenek ez dute izenik eman beharko; egunean [otsailak 15] bertan Usotegira joatearekin nahikoa izango da.
Onaindia gaian profesionala da, eta Lekitto Bedarrakoak ziur daude aukera “ezin hobea” izango dela eguenekoa: “Oinarrizko ezagutzak ikasteko aukera ezin hobea izango da, mahats ondoen inausketa egoki bat zelan egin ikasteko. Gainera, kiwi zuhaitzentzako ere balio dezake”. Onaindia da, gainera, Lekeition geratzen den txakolin ekoizle bakarra: “Bere amaginarrebak hasitako tradizioa, Tiburtzio Pipas-ek hasitako tradizioa jarraitzen du, Eguzki Begiran duen mahastia zainduz”.