Umore ona eta jai giroa izan dira nagusi Lekeitioko inauteri martitzenean
Gaur [otsailak 13] arratsaldean umeentzako diskofesta, suzko zezena eta mozorro lehiaketa egongo dira.
Goizean goiz hasi dute inauteri martitzena lekeitiarrek. Herriko eskoletako ume, gazte nahiz irakasleak elkartu, eta musikagaz alaituta Ateatik hasi dute mozorroen kalejira herritarrek. Umeak izan dira gehien gozatu dutenak: aparteko ilusioagaz ibilbi dira gelan egindako mozorroak erakusten herriko kaleetan zehar.
Ateatik Eskolapera joan ostean, Paskual Abaroa pasa eta portura joan dira denak elkarrekin. Lekitto Musika Banda, musika bozgorailuetatik, ikasleen batukada… Ez dira jai giroa eta umore ona falta izan herrian. Plazara heldu orduko ikasleek euren tokia hartu duten arren, txarangagaz denek elkarrekin kalejira egiten amaitu dute.
Eguerdia jo orduko ikastolako ikasleek Baso bat, mila piztia antzezlana eskaini dute, eta 12:30ean, berriz, eskolako ikasleek olinpiar jokoen inguruko jaialdi ikuskizuna egin dute.
Goizean ekintzak ugariak izan diren arren, arratsalde luzea dute oraindik herritarrek. 18:00etan umeentzako ikuskizuna, mozorro lehiaketa eta txokolatada egingo dute plazan. Horren ostean, 19:30ean, ausartenek suzko zezenaren aurretik ibiltzeko aukera edukiko dute, eta egunagaz ezin hobeto amaitzeko 21:00etan erromeria eta mozorro lehiaketa egingo dute Eskolapean.