Jendetsuak izan dira Tarine musika eskolaren Burbuila Musikalak
Antolatzaileak “oso pozik” geratu dira emanaldietako mailagaz eta batez ere herritarren erantzunagaz.
Tarine musika eskolaren Burbuila Musikalak “jendetsuak” izan dira beste urte batez. Antolatzaileak “oso pozik” geratu dira emanaldietako mailagaz eta batez ere herritarren erantzunagaz. “Gure eguneroko lana erakusteko modu oso ona da, ikasleen bilakaera ikusten delako. Oso positiboa izaten dira bi aldeentzako, eskolarentzako eta parte hartzaileentzako”, azaldu dute.
Askotarako balio dute emanaldiek. “Ikasleen familiak eta lagunak elkartzen dira batez ere, eta azken batean askorentzako beldur eszenikoa eta jendaurrean jotzeko beldur hori kentzeko kontzertuak dira, pixkanaka eszenatokira egokitzeko eta ohitzeko aukera bat”. Bestetik, ikasturtea hasi zutenetik egindako hobekuntza eta emandako aurrerapausoak erakusteko ere baliatzen dituzte emanaldiak. Hain zuzen ere, Tarine musika eskolan askotariko tresnak bakarrik ez, adin guztietako ikasleek parte hartzen dute, gazteetatik nagusiagoak direnak arte. 7 eta 8 urtekoek, hau da, musika tresna lehen aldiz jotzen dutenek Tresna Jaia jaialdia egingo dute maiatza eta ekaina bitartean.
Urte asko daramatzatez kontzertu txiki hauek ematen eta jarraitzeko asmoa erakutsi dute. “Neguko kontzertuak deitzen ziren lehen, baina pandemia garaiko burbuilengatik izena aldatu genien eta gustatuko izan ditugu gaur egun erabili arte”. Ekainean beste emanaldi batzuk egingo dituzte, udakoak.