Lekeitioko Udalak gaztetxoenentzako bi gune zabaldu ditu
Eskolapeko erakusketa aretoa eta Santi Brouard Kiroldegiko frontoia zabaldu ditu. Auzolanean antolatuta txandak egingo dituzte toki horiek zaindu eta arauak betetzeko.
Lekeitioko Udala umeentzako aterpearen beharraz jabetuta, eta herritarren aldetik jaso duten eskaerari erantzunaz batera, hainbat gurasorekin elkarlanean herriko bi leku ireki ditu “dagoen hutsuneari epe motzeko alternatiba bat emateko”.
Hori horrela, astelehenetik ostegunera goiz eta arratsaldeetan Eskolapeko Erakusketa aretoan Umeen Txokoa jarri dute. Zapatuetan berriz, 16:30etik 19:30era Santi Brouard Kiroldegiko frontoia egongo da erabilgarri. Umeen Txokora joan nahi duenak kultur etxean eman beharko du izena eta giltza emango diote; ostean, itxi eta giltza itzuli beharko dute.
Udalak azaldu duenez, bi gune horien funtzionamendu egokirako arauak herritarrek auzolanean erabaki dituzte eta arauak kultur etxera giltza hartzera doanari edo frontoian txanda egiteko hartzeko ardura hartzen duenari jakinaraziko dizkiete.
Izan ere, gune horien arduradunak boluntarioak izango dira eta auzolanean ariko dira lanean. Zapatuetan frontoia zabaltzeko ezinbestekoa izango da arduradunen bat egotea: “Horregatik, jendea txandak egitera animatu nahi dugu, herriko ume eta gazteek asko eskertuko dute eta neguko zapatu arratsaldeetan frontoia erabilgarri egotea”.
Frontoian txanda egin nahi dutenek izena eman beharko dute WhatsAppetik ikastetxeetako gurasoen bitartez zabaldutako mezuan: “Esteka bat egongo da oraindik txandak bete barik dauden asteburuetan izena emateko”.
Auzolana. Udalak azpimarratu du auzolana lekeitiarrek “barru-barruan” duten balorea dela, eta horri esker herria “bixi-bixi” dagoela: “Emaitza ederra ematen ari da herritarrak eta udala elkarlanean lantzen ari den bidea”. Izan ere, hainbat dira azken aldian auzolanean lantzen ari diren ekimenak: Gabonetako kultur eskaintza, bi espazio horien irekieta, Aratusteetako txokolatada, Korrikako egitaraua eta urtean egiten dituzten beste hainbat ekintza.