Umorezko bakarrizketa egongo da barikuan Etxebarrian
ETX kultur elkarteak antolatu du emanaldia; barikuan [otsailak 16] 19:00etan jarri dute hitzordua.
Hainbat ekintza antolatu dituzte dagoeneko ETX Kultur Elkarteko kideek; hurrengoa barikuan [otsailak 16] izango da. 19:00etan Etxebarriko kultur aretoa barrez eta algaraz beteko da Jon Martinez Txiki donostiarraren umorezko bakarrizketarekin. Jakinarazi dutenez, ez da sarrerarik erosi beharko; aretoa bete arte sarrera zabalik egongo da.
2020an ere antolatu zuten Jon Txikiren bakarrizketa, baina, oraingoan emanaldi berri batekin dator eta Euskaldunen jatorriari eta historiari buruz ariko da: “Orduan, Txikiren bakarrizketa antzezlana zen, eta orain bakarrizketa berri batekin etorriko da. Euskal Herriko historiaren berri emango du gaur egunera heldu arte bakarrizketa baten bidez. Oso ondo dago, jendeari etortzera animatzen diogu. 2020ko antzezlanarekin alderatuz desberdina izango da”. Azaldu dutenez, ez da sarrerarik erosi beharko; aretoa bete arte sarrera zabalik egongo da.
Palestinari buruzko hitzaldian, “oso ondo”. Pasaden barikuan [otsailak 9] Palestinako egoerari buruzko hitzaldia antolatu zuten kultur elkarteko kideek, eta herritarren erantzunarekin pozik geratu dira: “Hitzaldia oso ondo joan zen. Bi ordu egon ginen, eta oso gustura. 35 lagun inguru batu ginen; jendea gustura joan zen. Gabirel Ezkurdiak hasieratik azaldu zuen egoera: Israelgo estatua zelan sortu zen, zer den sionista izatea eta zer asimilazionista izatea…”. Horrekin batera, historian Israelek egindako hainbat ekintza ere azaldu zituen: “Kontatu zigun Israel nola joan den apurka-apurka Palestina kolonizatzen, esaterako, eta baita ze konflikto egon diren ere”.