Familientzako ihes gela egingo dute Aulestin
Menu Perfektoa guraso eta haurrei zuzenduta dagoen ekimenean elikadurarekin lotutako enigma eta erronken bidez eskola jantokiaren funtzionaltasuna landuko da. Izena eman behar da aurretiaz.
Elikadura osasungarri eta jasangarriaren gaineko sentsibilizazio ekimena eskainiko dute zapatuan [otsailak 17], Aulestiko Urregarai Herri Eskolan. Menu Perfektoa familientzako ihes gela egingo da, zehazki, behar sozialetara bideratutako ihes gelak antolatzen dituen Experientziak enpresagaz batera.
Aulestiko Guraso Elkartetik jakinarazi dutenez Bidezko Elikadurak eta EHIGEk antolatutako proiektu batean parte hartzen hasi ziren iaz, IAP proiektuan zehazki, eskoletako jantoki batzordeak eraldatzaileak bilakatzeko helburua duen proiektuan. Hala, proiektuan buru belarri sartu eta bi hilabetetik behin Euskal Herriko txoko ezberdinetan batzen diren gurasoei formazioa eskaini dizkiote, tartean, zapatuan egingo den ekimena. “IAP proiektuan jarraitzen dugun eskoletako guraso elkarteetako kideok batu egiten gara, eta dinamika horretan sartuta geundenoi formazioak eskaini zizkiguten”.
Zapatukoa guraso eta haurrei zuzenduta dago, eta elikadurarekin lotutako enigma eta erronken bidez, eskola-jantokiaren funtzionaltasuna eta haren ingurua aztertuko dute. Parte hartu nahi dutenek aurretiaz izena eman behar dute. LH1etik aurrerako haurrek parte hartu ahalko dute eta talde bakoitzean gutxienez heldu bat egon beharko da. “Izen emate bakoitzean 6 pertsona aukeratu ahal dira gehienez ere”. Zalantzak argitzeko 618 77 58 20 telefono zenbakia ipini dute eskuragarri.