VI. Nesken Zesta-Punta Txapelketa, asteburuan abian
Berriatuko Mendibarren pilotalekuak ligaxkako kanporaketak hartuko ditu zapatuan [otsailak 17] eta domekan [otsailak 18]. Finala martxoaren 9an jokatuko dute, kantxa berean.
Berriatuko Mendibarren pilotalekuak Nesken Zesta-Punta Txapelketaren VI. ekitaldia hartuko du datorren asteburuan. Azken urteotan legez, Hego eta Ipar Euskal Herriko nahiz Kataluniako zesta-punta klubik puntakoenen ordezkariak bertan elkartuko dira, goi mailako kirolaz eta beraien arteko saretzea gozatu asmoz. Zapatuan [otsailak 17] eta domekan [otsailak 18], lehiaketako kanporaketak jokatuko dituzte ligaxka erara; partiduez gozatzeko bertaratzeko asmoa dutenek doako sarrera edukiko dute. Final handia, ostera, martxoaren 9an lehiatuko dutela aurreratu dute antolakuntza lantaldetik.
Guztira, hamabost klub arituko dira zein baino zein gehiago. Horietako batzuk ingurukoak izango dira: Markina-Xemein, Lekeitio, Mutriku eta etxeko taldea, Berriatua. Horiekin batera, Sopela, Gasteiz, Zumaia, Tolosa, Miarritze, Katalunia, Pamiers, Noain, Durango, Cabanillas eta Andoain ere txapelketan arituko dira. Antolatzaileek azaldu du dutenaren arabera, zapatuan “goizean goiz” ekingo diete partiduei, eguerdira arte; tarte horretan, zesta-punta klubaren egoitzan bazkalduko dute. Arratsaldean berrekingo diote txapelketari. Domekan ere, goiztar hasiko dira jokatzen, eguerdira bitartean.
Arinagoko ekitaldietako “arrakastari” begiratuta, aurtengoak mailari eustea espero dute. Izan ere, jendetza erakartzen du txapelketa horrek, eta emakumezkoen zesta-puntaren “isla argia” da: “Telebistan agertzen diren pilotariez gain, beste batzuk ere badirela bistaratzen du. Maila ezberdinetakoak egongo direnez, ageriko egiten du harrobia eta jarraipena egon badaudela. Alde horretatik, hazten ari den txapelketa da”.