Gojenola: "Mugak gizakiak jarritakoak dira, mapa baten gainean dauden marrak dira bakarrik"
Bidaiatzeko grinak bultzatuta, txikitako ametsari ekin zion ondarrutarrak: munduko herrialde guztiak ezagutzeko erronka abiatu zuen, eta lortu egin du.
Nondik datorkizu bidaiatzeko grina? Beti izan naiz oso kuxkuxeroa, txikitatik liburuak irakurtzen, mapak ikusten. Orain dela 25 urte familiagaz joan nintzen Egiptora, 10 urte nituen, piramideak eta tenpluak ikustean mundua ikusteko grina sartu zitzaidan. Hortik bidaiak egiten nituen nire kabuz, lagunekin, ahal nuenean mundua ikusteko aprobetxatzen nuen.
Une batean bidaiatzea erronka bilakatu zen. 2020. urtean istripu larri bat eduki nuen motorragaz, eta geldiune bat egiteko unea zela erabaki nuen, nire betiko ametsa betetzeko, dena ikusi nahi nuen.
193+2 herrialde ezagutu dituen lehenengo euskalduna zara. 193 herrialde dira NBEak onartzen dituen herrialdeak, beste biak, Vatikano eta Palestina dira. Badaude beste zortzi, tartean, Taiwan eta Kosobo bezalako herrialdeak, ez daudenak gainontzekoengandik «onartuak». Horietan ere egon naizen arren, zenbaki onartua 195 da.
Ez diogu beldurrik izan behar ezezagunari, pertsonak gara, eta denok nahi ditugu gauza berdinak.
Herrialde bat ezagutu duzula esateko, zein baldintza jartzen duzu? Niretzako hanka jartzea ez da herrialdea ezagutzea, gutxienez bi egun eta gau bat igarotzea da herrialde batean egon zarela esateko baldintza. Nire kasuan, bidaiak oso desberdinak izan dira, egunak, asteak eta hilabeteak igaro izan ditut, baina hori da neure buruari jarri diodan baldintza.
Hainbeste ezagututa, zein da egin duzun ikasketa? Nahiz eta kultura, erlijio, ikuspuntu eta bizimodu ezberdinak ezagutu, gizaki bezala denok nahi ditugula gauza berdinak; poztasuna eta norbere familiarentzako zoriontasuna eta ongizatea. Hemendik 20.000 kilometrotara daudenak eta guk gauza berdinak nahi ditugu, ez gara hain ezberdinak. Komunikabideetan munduan gertatzen diren gatazken eta gauza txarren berri edukitzen dugu, beldurrak sortzen dira, baina behin bertan zaudela, herritarrak ezagutzen dituzunean, konturatzen zara ez garela hain desberdinak. Ez diogu beldurrik izan behar ezezagunari, pertsonak gara, eta denok nahi ditugu gauza berdinak.
Etxetik ateratzeak beti dakar etxera bueltatzea. Etxerako buelta ez da inoiz berdina, zu ere ez zarelako berdina. Bizitakoa eta ezagututakoa zeugaz daramazu, ikasketa bat eduki duzu.
Euskal Herritik kanpoko lekuren bat aukeratu beharko banu, Sao Tome eta Principe irla aukeratuko nuke.
Hainbeste bizi eta ikusi duzula ikustean, zer sentitzen duzu? Nire ikuspuntua asko aldatu da bidaiatzen hasi nintzenetik gaur egunera arte. Hainbeste ezagutu ostean, askoz gehiago baloratzen dut Euskal Herrian zelan bizi garen, hemengoa gehiago baloratzen ikasi dut, zentzu guztietan. Gauzak hobetu daitezke, noski, baina bizimodu oso ona daukagu.
Non geratuko zinateke bizitzen? Euskal Herritik kanpoko lekuren bat aukeratu beharko banu, Sao Tome eta Principe irla aukeratuko nuke. Afrikan, Gineako kostaldean kokatuta dagoen irla txiki-txiki bat da, Portugesen kolonia izandakoa. Bertan, Afrika eta Europaren arteko nahasketa perfektua aurkitu daiteke, niretzat uharte liluragarri bat izango litzateke nire bizitzaren azken urteak igarotzeko. Baina, gaur- gaurkoz, nire burua Euskal Herrian ikusten dut.
Maliko basamortuan nengoen nire anaiagaz, eta gutxigatik ez gintuzten bahitu. Une hori bereziki latza izan zen.
Bereziki ukitu zaituen bizipenik eduki duzu? Une latz asko bizi izan ditut. Maliko basamortuan nengoen nire anaiagaz, eta gutxigatik ez gintuzten bahitu. Une hori bereziki latza izan zen. Somalian ere gauza asko ikusi ditut niri burutik inoiz pasatu ez zaizkidanak, gerra pasarteak. Une gogorrak dira, ez direnak gure buruan sartzen, baina unean bertan aurrera egin behar duzu.
Herritarrek egiten dituzte berezi herrialdeak? Herrialdeak ezagutu ditzakezu, baina herrialde bat edo beste zenbakiak dira. Esaterako, Gabon eta Ekuatore Gineako marra batek banatzen ditu. Mugak gizakiak jarritakoak dira, mapa baten gainean dauden marrak dira bakarrik, baina bertan bizi den jendeak emandakoa eta bertan bizitakoa da eramaten duzuna. Herritarrek egiten dute lekua, eta horregaz geratzen gara.
Zein da hurrengo helmuga? Antartidara joateko bidaia antolatzen ari naiz datorren urterako. Mundua ez da sekula amaitzen baina, orain, lasaiago hartuko dut guztia. Esan bezala, gustuko izan ditudan lekuetara bueltatu eta ezagutu dudan jendea bisitatuko dut.