Elkartasun Karabanara bidean doa Ondarroan bildutakoa
Martxoaren 9an Donostiatik abiatuko da Elkartasun Karabana. Yaalah elkarteak eskerrak eman die herritarrei.
Ondarroako Yaalah elkarteak Elkartasun Karabanarako janari bilketan 2.000 kilo inguru batu zituen herrian. Orain, pauso bat gehiago eman dute eta herriak emandakoa bideratu dute; bildutakoa kaxatan banatu eta Tindufeko errefuxiatuen kanpamendura zuzenduko den kamioian kargatu dute. “Ondarroan batutako elikagaiak Euskal Elkartasun Karabanako kamioian prest!”.
Martxoaren 9an abiatuko da kamioia Donostiatik Alacantera, ostean, Aljeriara joango da itsasontzian, eta bertan, Frente Polisarioko kideak arduratuko dira janaria kanpamenduetara bideratzeaz: “Herriko ikastetxe eta dendetan batutako elikagaiak prest daude, Durangaldeko materialarekin batera Alikanterantz irtengo duen kamioian. Karabana honek Donostiatik irtengo du martxoaren 9an, eta estatuko beste elkartasun karabanekin batu eta gero, Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetarako bidea hartuko du”.
Gehitu dutenez kamioia bera ere kanpamenduetan geratuko da. Yaalahtik eskerrak zabaldu nahi izan diete herritarrei zein elkarteei: “Eskerrik asko karabanan parte hartu duzuen herritar guztioi. Bereziki, herriko dendariei eta ikastetxeei! Zelan ez, Ondarroa Arraun Elkarteari urtero materiala garraiatzeko furgoneta lagatzearren!”.