Etenik barik, Radixu Irratia
33. urteurreneko 48 orduak atzo amaitu ziren. Martxoaren 9an Portuko Ranpako zuzeneko kontzertuekin borobilduko dute urteurrena.
Boga eta Zixe irratsaioagaz borobildu zuten atzo [otsailak 18] Ondarroako Radixu Irratiaren 33. urteurrena ospatzeko 48 orduak. Kultura, kirola, musika, informazioa… eskaintza oparoa eta giro ezin hobea. Urteurrena behar bezala ospatuta geratu da eta hamaika izan dira kanpandorreko estudiotik igaro diren herritarrak, bakoitzak bere alea jarriz, ahozko eta euskarazko komunikazioaren bidea ereiten.
Aurreikusitako hamaika gai eta beste horrenbeste landu zituzten mikroaren aurrean, eta barikuko azken berrien aurrean, 48 orduekin hasi baino lehenago Pablo Gonzalez kazetariaren aldeko aldarria zabaldu zuten: “Ospakizunekin hasi aurretik Pablo Gonzalez gogoratu nahi dugu. Pablo askatu!”.
Aldarri, informazio, lagun arteko giro eta herritarren kutsu. 48 orduak igarota, urteurrena borobildu ohi duen ekimena izango da hurrengo pausoa: zuzeneko kontzertua. Martxoaren 9an jarri dute Portuko Ranpako hitzordua, eta aurten, Mutrikuko bikoteak osatutako Dei taldea eta Ataungo Unidad Alavesaren kontzertuak ikusteko aukera egongo da. Sarrerak aurretiaz eskuratzeko aukera dago, gaur gaurkoz, Kuriken, 8 euroren truke.
Hortaz, urteurrena amaitzeko dago oraindik, baina irratiak aurrera darrai. “Amaitu dira aurtengo 48 orduak baina ez ahaztu irratian gure programazioarekin jarraitzen dugula, hortaz, jarraitu irratia entzuten!”.