Martxoaren 1etik aurrera 21:30ean itxiko dute kiroldegia.
Markina-Xemeingo Udalak martxoaren 1etik aurrera kiroldegia 21:30ean itxiko du. Azaldu dutenez, iaz kiroldegiaren ordutegia luzatzeko erabakia hartu zuen aurreko udal gobernuak, gimnasioa erabiltzeko aukera zabalagoa eskaintzeko asmoz. Hori horrela, astelehenetik ostiralera bai goizeko eta baita arratsaldeko ordutegia ere luzatu egin zuten.
Udalak azaldu duenez, arazo baten ondorioz hartu dute kiroldegia 21:30ean ixteko erabakia: “Oraintsu arazo bat gertatu da, gazte batzuk gauez bertatik irten ezinik geratu zirelako. Hausnarketa sakon baten ostean, eta Herritartasun batzorde informatzailearen proposamenez, gaueko ordutegia murriztea erabaki da”.
Ordutegi berria. Martxoaren 1etik aurrera, beraz, kiroldegia 21:30ean itxiko dute: “Ordu horretatik aurrera ez dago langilerik kiroldegian, eta udaltzainek ere ez daukate bertara sartzeko baliabiderik. Hau guztia baloratu da erabakia hartzerako orduan”. Hori horrela, gimnasioko ordutegi berria honakoa izango da: astelehenetik barikura, 06:00etatik 21:30era; zapatuetan, 06:00etatik 20:00etara; eta domeketan, 06:00etatik 13:00etara.