Mutriku Futbol Taldeak zuzendaritza indartzeko deia egin du
Taldearen egoera zein den ikusita zuzendaritzan edo eguneroko jardunetan laguntzeko prest daudenei martxoaren 10a bitartean izena emateko deia luzatu dute.
Mutriku Futbol Taldeak zuzendaritzan edo zeregin jakinetan laguntzaile aritu nahi dutenei dei egin die eta martxoaren 10a ipini dute izena emateko epemuga, “egoera modu egokian bideratu ahal izateko”.
Otsailaren 17an ez ohiko bilera deitu zuten zuzendaritza taldea berritzeko gaia ipinita. “Bileran aipatu bezala, nahitaezkoa da zuzendaritza taldea indartzea datorren denboraldia behar bezala prestatzeko eta aurtengo erantzukizunei aurre egin ahal izateko”. Mutriku Futbol Taldean 260 neska-mutil daude fitxarekin eta 160 bazkide daude taldean. Hori dela eta, bazkide eta gurasoei taldearen egoeraren berri emateko beharra ikusi dute.
Zuzendaritza taldea indartzeko beharra nahitaezkoa dela azpimarratu dute, “lau pertsona besterik ez daude zuzendaritzan eta euretariko bat edo bik denboraldi bukaeran zuzendaritza utziko dute”. Gainera, zuzendaritzako arduraz gain, “eguneroko ohiko lanak era egokia burutzeko arazoak daude”, hala nola, jokalarien fitxak, autobusen antolaketa, asteburuko partiden ordutegiak, partiden osteko gertaerak (isunak, lesioak…), jokalarien arropa eta txandalen banaketa eta kontrola, zozketak, bazkideen txartelen kudeaketa eta abar.
Hori dela eta, taldearen egoera zein den ikusita laguntzeko prest daudenei dei egin diete. Zuzendaritza taldeak lanak “era egokiagoan” egini daitezkeela onartu du eta “iradokizun eta hobekuntza aukera asko eskuratzen” dituztela esan dute.