'Olagarrua'-ren garroak Munitibarreraino iritsiko dira
'Olagarrua' antzezlana emango dute domekan [otsailak 25] Munitibarko auditorioan. Emanaldia 18:00etan hasiko da eta doakoa izango da.
Kulpabilitatea edota erantzukizuna adierazten dituen errua terminoa eta Zumaian olagarroaren garroak izendatzeko erabiltzen duten erru berbak lotzen ditu, berba joko baten bidez, Olagarrua antzezlanak. Olatz Beobide, Nerea Arriola eta Maitane Perez aktoreak daude 2024.urtean argitara emandako ikuskizun horren atzean, eta asteburuan Munitibarrera iritsiko da. Hain zuzen ere, datorren domekan [otsailak 25], auditorioan taularatuko dute; doakoa emanaldia izango da, 18:00etan hasita.
Erruari egotzi ohi zaion pisua zelan edo halan apaltzea du ardatz nagusi joan den astean estreinatu zuten lanak. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak beka jaso zuten proiektuetako bat izan zen Olagarrua. Hiru astez, aktoreak Zumaian bilduta eta sormenean guztiz kontzentratuta egon dira, eta egonaldi horren fruitua da obra. Zumaiar herritarrekin edukitako zuzeneko hartu-emanaren ondorioz sortu dute obra, egonaldiaren hiru asteak amaitu ondoren denbora luzeagoz bertan geratzea erabaki baitzuten egileek, azaldu dutenez; herriko talde zein eragileekin izandako harreman horretatik tiraka ondu dute antzezlana.
Gai sakonekin egindako komedia horretaz gozatzeko aukera egongo da, protagonistek argitu dutenaren arabera. Izan ere, Zumaiako estreinaldiaren ondoren eta Beratik nahiz Uhartetik pasatu ostean, Munitibarrera iritsiko da, baina aurkezpen horren jarraian ere beste hamabost hitzordu inguru dituzte konfirmatuta. Lanaz disfrutatzeko aukerarik, horrenbestez, ez da faltako.