Ondarroan lehiatu da Bizkaiko Batel Ligako bigarren jardunaldia
Etxeko taldeaz gain Lekeitioko Isuntza taldekoek ere parte hartu dute eta emaitza ederrak lortu dituzte bi elkarteek.
Bizkaiko Batel Ligako bigarren jardunaldia lehiatu da asteburuan Ondarroan. Hamabi kategoria egon ziren jokoan eta Ondarroa Arraun Elkarteko etxeko taldeaz gain, Isuntza taldekoek ere parte hartu zuten, biak ala biak emaitza nabarmenak lortuz.
Gazte mailan emakumezko lekeitiarrek lehenego bi postuak eskuratu zituzten. 10:16,46ko denboragaz, Isuntza A taldeak eskuratu zuen lehenengo postua eta 15 segundura ailegatu zen Isuntza B taldea. Gizonezkoen kategorian lehiatu zuten ondarrutarrek, eta hain zuzen ere, hirugarren postua eskuratu zuten (09:12,26); Isuntzako bi taldeak podiumetik kanpo geratu baziren ere, bosgarren eta seigarren postuak eskturatu zituzten. Kadete mailako emakumezkoen kategoria etxeko taldeak bereganatu zuen denbora izugarria eginez: 07:30,41.
Txiki mailan Lekeitioko gizonezkoen taldeak podiuma bereganatu zuten, 05:14,77ko denboragaz Isuntza B taldeak irabazi zuten tanda eta Isuntza A izan zen bigarrena helmugaratzen, 05:22,53ko denboragaz. Emakumezkoen kategorian, berriz, ondarrutarrak nagusitu ziren 05:33,68ko denbora lortuta.
Alebin mailan Isuntzako bi taldek parte hartu zuten emakumezkoen kategoriak eta horietako batek nagusitasunez irabazi ere egin zuen. Isuntza B taldeak 03:02,90ko denbora osatuta podiumaren gailurrera ailegatu zen. Gizonezkoen kategorian lehiatu behar zuen lekeitiarren taldeak, baina deskalifikatu egin zuten. Kategoria mixtoari dagokionez, etxeko taldea aritu zen lehian eta bigarren postua lortu zuten 03:58,78ko denbora osatuta.