39 lagun elkartu dira aldarteari eta enpatiari buruzko hitzaldian
Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkarteak antolatu zuen hitzaldia eta "oso gustura" egon ziren denak. Datorren astean bigarren zatia egingo dute.
Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuak atzo [otsailak 19] aldarteari eta enpatiari buruz aritu ziren Aiora Garcia Donis adituagaz, eta denak “oso gustura” egon ziren. 39 pertsona elkartu ziren kultur aretoan, Garciaren hitzaldia entzun eta solasalditxo bat egiteko: “Jendea oso interesatuta egon zen. Bi ordu egon ginen bertan, baina, inor ez zen mugitu ere egin; denok gustura egon ginen seinale”. Aurreratu dute hurrengo astean hitzaldiaren bigarren zatia egingo dutela; aurrerago zehaztuko dute data.
Gaur egungo egoeraren inguruan aritu ziren bertaratutakoak: “Dagoen egoera komentatu genuen, esaterako, jendea emozio oso indartsuak bizitzen ari dela, oso estresatuta eta antsietate askorekin daudela”. Horrekin batera, beste hainbat kontu ere landu zituzten: “Etsipena eta tristura, erremina, ditugun sentimenduak atera behar ditugula… Aipatu genuen asko etsipenera eta tristurara lotzen direla, eta hor egoten direla, ezer egin gabe. Horrez gain, anbizioari buruz ere hitz egin genuen, autoestimari buruz, onarpenari buruz… Autoestimaren inguruan, esaterako, edozer gauza esaten den modua oso garrantzitsua dela esan zigun, eta norbere autonomia bultzatzea ere oso garrantzitsua dela”.
Arrakasta. Antolatzaileak pozik daude orain arteko ekintza guztiekin. Esan dutenez, denek eduki dute oso erantzun ona: “Horrelako ekintza batean 39 pertsona elkartzea uste dut arrakasta dela. Orain arte egin ditugun ekintza guztietan edukiera gainezka egon da. Pozgarria da hori guretzat”.