Ibi lizentziak eta espaloitik igarotzeko baimenak emateko ordenantza onartu dute Ondarroan
Herriko bideen erabilerei buruzko udal ordenantzan oinezkoentzat definitutako eremuetan zein gune historikoan (Alde Zaharrean eta Kantoipen) ez da ibi edota espaloia igarotzeko eskubideen erreserba lizentzia berririk emango.
Ondarroako Udalak ibi lizentziak eta espaloitik igarotzeko baimenak emateko irizpideak zehazten dituen ordenantza onartu du eta bi helburu nagusi ditu araudiak; aparkaleku bezala erabiltzen diren lokalak erregularizatzea eta segurtasuna bermatzeko irizpideak ezartzea.
Irina Alkorta Bedialauneta hirigintza zinegotziak zehaztu duenez egokituta ez dauden lokalak arautu beharra dago herrian: “Herritar askok egokituta ez dauden lokaletan aparkatzen dituxte ibilgailuak. Hori, arriskutsua izateaz gain, arautu beharreko prozedura bat zen, eta hori egin dugu orain”. Hortaz, autoak aparkatzen dituzten lokalei irizpide batzuk ipiniko zaizkie. “Denak dira bai lokalaren eta baita inguruko lokalen zein bizilagunen segurtasuna areagotze aldera hartutako neurriak”, esaterako, su-itzalgailuak edukitzea edo aireztatuta egotea.
Urte hasierarekin batera Kamiñalde eta Alde Zaharreko goiko aldeko trafikoa murrizteko matrikula irakurgailuen proiektua abiatu zen, eta horren ondorioz, tramiteen gorakada sumatu dute. “Herritar asko izan dira azken aldian ibilgailuak aparkatzen dituzten lokala legeztatzeko tramitazioa hasi dutenak. Herriko puntu askotan daude halako egoerak, eta hau ordenatze eta arautze ariketa baten ondorioa da”.
Horrez gain, herri barruko bideen erabilerei buruzko udal ordenantzan oinezkoentzat definitutako eremuetan zein gune historikoan (Alde Zaharrean eta Kantoipen) ez da ibi edota espaloia igarotzeko eskubideen erreserba lizentzia berririk emango. “Ordenantza indarrean sartu arte emandakoak alde batera utzita, eta arau orokor gisa, ez da ibi edota espaloia igarotzeko eskubideen erreserba lizentzia berririk emango aipatutako guneetan”.
Udaletik zehaztu dutenez ordenantza lehenago argitaratzea zen nahia, baina alegazio fasean EAJren aldetik hainbat iradokizun jaso zituzten, eta horrek, prozesua luzatu du. “Hirigintza batzordean aho batez baieztatu genuen ordenantza proposamena, plenoan ere EH Bilduren aldeko bozkekin eta EAJren abstentzioarekin onartu zen eta herritarrek alegazioak jartzeko epearen azken egunetan iradokizun batzuk erregistratu zituen EAJk. Horiek aztertu ostean, otsailaren 15eko ez ohiko plenoan onartu zen behin betikoz ordenantza, aho batez. Ontzat jo ditugu EAJren iradokizunak eta horiek gehituta onartu dugu ordenantza”.