Medikua eskatzeko elkartuko dira eguenean ziortza-bolibartarrak
Mediku eta erizain zerbitzua herrian eduki dezaten eskatzeko elkartuko dira herritarrak etzi [otsailak 22] 12:30ean Markina-Xemeingo anbulatorio aurrean.
Ziortza-Bolibarren mediku zerbitzua herrian behar dutela aldarrikatzeko elkartuko dira herritarrak eguenean [otsailak 22]. 12:30ean Markina-Xemeingo anbulatorio aurrean jarri dute hitzordua, elkarretaratzea egiteko.
Ziortza-Bolibarko Udalaz gain, herriko beste hainbat eragile eta elkartek bat egin dute deialdiagaz: Markola guraso elkarteak, Aranbaltz kultur elkarteak, Kanpape jubilatuen elkarteak, Bolintxu Ziortza-Bolibarko energia komunitateak eta Iruzubietako eta Ziarregiko soziedadeek. Herritarrei ere norbanako moduan deialdiagaz bat egin eta eskariari indarra emateko deia luzatu diete sinadura bilketa baten bitartez.
Azaldu dutenez lau urte baino gehiago dira ziortza-bolibartarrek herrian mediku zerbitzurik ez dutela, eta osasun arazoak dituztenean Markina-Xemeingo anbulategira joan behar direla: “2020ra arte Ziortza-Bolibarren astean egun batean mediku zerbitzua izaten genuen Markina-Xemeinera joan beharrik gabe. Eguaztenero goizetan medikua izaten genuen herrian. Orain, ordea, ez daukagu ez mediku, ez erizainik”.
Horregatik, eskaera zuzena egin dute herritarrek: “Mediku zerbitzua ipintzeko eskatu nahi diegu Eusko Jaurlaritza eta Osakidetzako arduradunei. Osakidetzako Markinaldeko arduradunari edo mediku buruari ere gauza bera eskatu nahi diogu. Gure eskubidea delako herrian mediku eta erizain zerbitzua edukitzea. Zehazki, asteko egun batean medikua eta erizaina herrian egon daitezen eskatzen dugu”.