A.Martinez eta E.Lersundi: "Gauzak aldatzen doaz, gutxinaka eta gauzak ondo eginda"
Poza, tristura, ilusioa eta falta. Emozio kontrajarriak azaleratu dituzte azken asteetako gertaerek. Denak zilegiak, denak beharrezkoak eta bidea egiten ari direnaren seinale ukaezinak.
Otsailaren hasierak emozio kontrajarriak loratu ditu. Otsailaren 10ean Ekairen suizidioak mugituta abiatu zen Esti Urresolaren 20.000 especies de abejas filmak hiru Goya Sari lortu zituen. Otsailaren 15ean, Ekairen heriotzaren seigarren urteurrena bete zen egunean Trans Legea onartu zen.
Otsailaren 15ean emozio asko elkartu ziren.
Ana Martinez: Trans Legea egun berezi batean onartzen zela esan zidaten eta eguna zein zen ikusi nuenean gauza asko mugitu ziren. Urduri eta pozik geunden, alde batetik legea onartzen zelako, eta bestetik, Ekairen urteurrena zelako. Gora beherak genituen, sentimendu asko elkartu ziren une berean.
Elaxar Lersundi: Sentimenduak errusiar mendi baten antzera eduki ditugu; pozik, triste, ilusionatuta… Denetarik bizi izan dugu egun gutxian.
Nola bizi duzue legearen onarpena?
A.M.: Oso pozik hartu genuen, une berezia izan zen. Bost urte egon dira lan mahaian legeari buruzko gai zehatzak lantzen eta azkenean lortu dute onartzea.
E.L.: Paperean legea onartzea ondo dago, baina aplikatu egin behar da onartutakoa, eta Naizenekoekin batera, atzean egongo gara onartutako aplikatzen dela ziurtatzeko.
Urteurrena, legea, filmaren ibilbidea. Kasualitatea ala kausalitatea?
E.L.: Kausalitatea da, zalantzarik gabe. Egindako guztiaren emaitza da, ikusgarritasuna eman eta informatzea da bidea: informatzea eta prestakuntza. Baina oraindik lana dago egiteko.
A.M.: Lana dago egiteko, baina bidea egiten ari da. Pausoz pauso, baina pauso finkoz.
E.L.: Ekaik esaten zuen bezala hondartza hondar aleka egiten da, bada hondar ale bat gehiago da lege hau hondartzarako. Aleak jarriz jarraituko dugu.
Ale bat gehiago da Ekairen bizipen batetik abiatu zen Esti Urresolaren 20.000 especies de abejas filma. Zein izan zen abiapuntua?
E.L.: Naizenek egiten dituen topaketetako batean egon ginen gure egoera eta bizipenak partekatzen, eta Esti ere bertan zegoen filmaren lanketa prozesuan, baina guk ez genekien zein zen une hartan.
A.M.:Behin filma estreinatu zenean gugaz jarri zen harremanetan, filma nondik abiatu zen kontatzeko. Ekairen suizidioaren berri izatean barrenak mugitu zitzaizkion eta zerbait egin beharra sumatu zuela kontatu zigun. Naizenekin harremanetan jarri zen eta filmaren sortze prozesuan zegoela topaketa hartan entzun gintuen. Behin estreinatu zeneanfilmaren inspirazioa Ekai izan zela kontatu zigun, baina une hartan ez zela gai izan guregana hurbiltzeko, Ekairena geratu berritan zegoelako.
Behin filma estreinatuta, lotura estua izan duzue bai filmarekin, baita zuzendariarekin ere.
A.M.:Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldira joan ginen lehenengoz filma ikustera eta bertan ezagutu genuen elkar. Urduri joan ginen filma ikusteko gogoagaz, baina baita Esti ezagutzeko gogoz ere. Zuzendariarekin eta filmaren partaideekin batera ikusi genuen filma, une oso berezia izan zen.
E.L.: Filma amaitu zenean oso hunkituta geunden, bizipen oso berezia eta polita izan zen.
Ibilbide paregabea egiten ari da filma. Azkenak hiru Goya sariak izan dira eta zuzendariak gogoan izan zituzten.
A.M.: Inoiz ez dugu ikusi gala, baina aurten ikus beharra genuen. Lehenego saria eman ziotenean Estiri eta gutaz gogoratu zenean, ezin duzue imajinatu nola geunden.. Hiru sari lortu ditu eta gehiago merezi zituen.
E.L.: Negar eta negar aritu ginen, oso une hunkigarria izan zen guretzat. Sari guztiekin hunkitu ginen eta Ane Gabaraini saria eman ziotenean… bere pertsonaiaz maitemindu egin nintzen filmean.
Filma tresna boteretsua izan daiteke.
E.L.: Eskola guztietan ematea gomendatuko nuke, beharrezkoa da guztiek ikustea zer pentsa emateko, interesa sustatzeko. Zalantzak sortu eta informazio bilaketa batera bultzatzen badu norbait, hasiera bat da, lorpen bat da.
A.M.:Filma ez da haur trans baten ikuspuntutik kontatutakoa, ingurukoen begiradak dira islatzen direnak, horiek baitira trantsitua egin behar dutenak. Umeak beti izan direnak dira, badakite zer diren, gainontzekoek aldatu behar dute begirada.
Zein da jarraitu beharreko bidea?
A.M.: Geroz eta ikusgarritasun gehiago du haur transen gaiak, eta oso garrantzitsua da. Zeresan asko ematen dituen gaia da, haurren hitza zalantzan jartzen delako. Sarritan entzun dugu «Hiru urtegaz nola jakingo dute zer diren? Hiru urterekin esaten badu arinegi da eta 18rekin esaten dutenean ea aurretik zergatik ez duen esan».Berdin dio noiz esaten duen, esaten duenean, lagundu egin behar zaio.
E.L.: Izena jartzea garrantzitsu da. Askotan ez dakitelako zer gertatzen zaien.
A.M.:Haur batek ez dizu esango neska sentitzen naiz, neska naiz esango dizu. Ez delako sentitzen, badelako.
E.L.: Berak argi du zer den, ingurukoek egin behar dute begirada aldaketa bat.
Sei urte daramatzazue begiradak aldatzeko lanean.
A.M.: Gauzak aldatzen doaz, gutxinaka eta gauzak ondo eginda. Lorpenak egin dira, baina horiek gertatzen direnean (filma, legea…) jendeak guri eskerrak ematea arraroa egiten zait. Badakigu guk ikusgarritasuna eman diogula gaiari, baina lanean egon direnak Naizenekoak dira. Mugitu egiten gara, laguntzeko prest gaudelako ahal dugun neurrian, baina ez dugu ezer berezirik, egin nire ustez.
E.L.: Suizidioaren gaia ez ezkutatzea izan da hasieratik egin duguna, hitz egiten ez dena ez baita existitzen. Bakoitzak ahal duen moduan eramaten du gaia, gure jarrera hori izan da, beste guztiak bezain errespetagarria. Hortaz, gure jarrerak edo lanak norbaiten heriotza saihestea lortu badu, helburua bete dugu. Hori da gure lorpena.